Turismo eragileei zuzendutako formakuntza planagaz jarraituko dute
Bizkaiko Foru Aldundiak eta Urremendi Landa Garapen Elkarteak eskualdeko eragileei zuzendutako formakuntza saioak eskainiko dituzte urrian eta azaroan.
Udaberrian bost formakuntza saio egin ondoren, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Urremendi Landa Garapen Elkarteak Bizkaiko turismo eragileei zuzendutako formakuntza planaren bigarren atala abiarazi dute.
Urriaren 23an, eguaztenean, Salmenta teknikak turismo arloan izeneko formakuntza saioa egingo dute Gernika-Lumoko merkatu plazan kokatuta dagoen Urremendi Landa Garapen Elkartearen bulegoan.
Ikastaroan eragileek beraien produktu eta zerbitzuen salmenta bultzatzeko metodoak ezagutuko dituzte, bezeroek horiek bilatzen dituzten kasu bakoitzerako egin beharrekoak ikasita. Modu horretara, bezeroekin harremanetan jarri eta eragileek eskaintzeko duten zerbitzuen balio erantsia azaltzen ikasiko dutela azaldu dute antolatzaileek.
Salmenten oinarriekin batera, lehia direnen beste eragile batzuen artean ezagutzera emateko moduak, inbutuko fase desberdinetarako salmenta teknikak ezagutu, sinesgarriak diren aurkezpen salmentak egiteko metodoak eta bezero gehiago lortzeko bideak landuko dituzte formakuntza saioan parte hartzen dutenek.
Lau orduko saioa izango dela aurreratu dute arduradunek: 09:30ean hasi eta 13:30ean amaituko dute. Ikastaroa doakoa da.
Ekitaldiak sortu. Azaroaren 7an berriz, Ekitaldien antolakuntza izeneko ikastaroa egingo dute elkartearen bulegoan. Bertan parte hartzen dutenek ekintza bat antolatu edota bertan parte hartzeko metolodiga orokorra ulertzen ikasiko dute. Horretarako kontuan hartu beharreko oinarrizko puntuak landu eta ezagutu, eta ekintzari ahalik eta probetxurik handiena ateratzeko saioa egingo dute.
Ekitaldia antolatzeko jarraitu beharreko faseak ulertzeaz gain sortu beharreko ekitaldi egokia antolatzeko helburuak definitzen ikasiko dute ikastaroan. Gainera, ekintzen kudeaketako fase desberdinetan egin beharrekoak, eta eskualde mailan antolatutako ekintzei probetxua ateratzeko bideak landuko dituzte, baita horiek promozionatu eta ezagutzera emateko teknikak ere.
Bigarren saioak ere 09:30etatik 13:30etara bitarteko iraupena izango du, eta doakoa izango da.
Formakuntza saio horietan parte hartu nahi dutenek mugikorra, tableta edota ordenagailua eramatea gomendatu dute antolatzaileek. Izena emateko esteka honetako inprimakia bete beharko da.