Suhiltzaileen parke "berri eta modernoa" egingo dute Arratzun
Larrialdi zerbitzua Europa eta nazioarte mailako erreferentzia bilatzeko egingo du lan Bizkaiko Foru Aldundiak, eta Bizkaian suhiltzaile parke berri eta moderno bi eraikiko dituzte: Arratzun eta Zallan.
2019-2023 agintaldian Herri Txiki Aukera Handi egitasmoa jarriko du martxan Bizkaiko Foru Aldundiak. Zerbitzuagaz Bizkaiko herri txikiak zerbitzu publikoetara modu egokian heltzea bermatu gura dute agintariek.
Larrialdi zerbitzua Europa eta nazioarte mailako erreferentzia bilatzeko ere egingo dute lan: “Foru sektorearen eraldaketa digitala egingo da, konponbide berritzaileak eten barik bilatuz”. Hori horrela, Bizkaian suhiltzaile parke berri eta moderno bi eraikiko dituzte Arratzun eta Zallan; azken belaunaldiko ibilgailuak erosiko dituzte. Larrialdien kuadekatarako Bizkai Prest zentro integralean ere aurrera egingo dutela zehaztu du Ibone Bengoetxea Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako diputatuak.
Hurrengo lau urteko agintaldirako beste ildo estrategikoak ere aurkeztu ditu Bengoetxeak. Bizkaia digitala lortu gura duela dio: “Munduagaz konektatuta eta, aldi berean, herritarrengandik gertu egongo den eta eraginkorra, berritzailea eta inklusiboa izango den Bizkaia digitala lortu gura dugu”. Hala, erakunde moderno eta gertukoa lortzeko lan egingo dutela aitortu du, “pertsonen ongizatea, eta lurraldearen kohesio eta aukera berdintasuna bilatuz”.
Laugarren industria iraultzaren egungo eta etorkizuneko erronkari erantzuteko asmoz, Plan Estrategiko Digitala jarriko dute martxan, lurralde “adimenduna” bilakatzeko. Sailak arreta berezia jarriko du online egiten diren hartu emanen eta izapideen kuadeaketan, administrazioan sinplifikazioa eta erregistro zerbitzuen hobekuntza bilatuz. Gainera, arreta elektronikoa beste kanal batzuek osatuko dutela adierazi du diputuatuak: “Lurraldeko puntu gehiagotara zabalduko diren presentziazko bulegoek eta informaziorako telefono zenbakiek, besteak beste”.
Batuz plataforma. Jose Maria Uriarrizaga Ogasuneko diputatuak jakinarazi duenez, iruzur fiskalaren kontrako borroka eta zergadunari eman behar zaion laguntza dira Ogasun sailaren asmo nagusiak hurrengo agintaldirako. Bi helburu horiek betetzeko ezinbestekoa izango da ‘Batuz’ izeneko plataforma, 2021. urterako erabilgarri egotea espero dutena.
Plataforma hori martxan jarri ostean, Bizkaiko Foru Aldundiak BEZ eta elkarteen gaineko zergaren aitorpen proposamena bideratuko die 100.000 zergadun ingururi: “Zergak aitortzeko prozesua errazteaz gain, plataformaren bitartez enpresa eta autonomo guztien tributazioa osorik ezagutzeko aukera emango du, salmenta eragiketa guztiak Ogasunaren aurrean aitortzen direla ziurtatuz”.
Iruzur fiskalaren kontra ere egingo dute, beste administrazio eta eragile batzuekin hitzarmenak gauzatuz. Hala, auditoretza Informatiko Unitatetik informazioa hartu, eta datuen trukaketarako nazioarteko akordioaren bitartez aitortuta ez dauden ondasunak eta eskubideak hautemango dituzte.
Halaber, zergak ordaintzeko zailtasunak dituzten zergadunei laguntzeko diru bilketarako arautegi berria onartuko dute 2020ko urtarrilaren 1ean: “Horren bitartez errazagoa izango da ordainketa atzeratzeko eskariak egitea eta horiei erantzutea”.
Zerga politika zuzena, progresiboa, ekitatiboa eta lehiakorra bultzatzea ere badita helburuetako batzuk. Bai eta aurrekontu publiko eraginkorra eta jasangarria prestatzea, eta eten barik eguneratzen joango den programa edukitzea ere. Iruarrizagak azpimarratu duenez, beharrezkoa izango da zerga arloko figura berriak Kontzertu Ekonomikoan sartzea, “finantza arloko jarduerei eta izaera digitaleko jarduerei erreparatzen dietenak batez ere”.