Ajangiztarrek Euskal Jaia ospatuko dute etzi, Kanpantxuko plazan
Herrikoek antolatzen duten jaia hamargarrenez egingo dute aurten; hori ospatzeko logo berezia sortu dute. Eguerditik hasita gauera arte iraungo duen egitaraua prestatu dute.
Ohitura eta tradizioak agerian jartzeko eguna heldu zaie Ajangizko bizilagunei. Euskal Jaiak Kanpantxuko auzora baserri giroa ekarriko du etzi.
Aurtengo ekimena berezia izango dela nabarmendu dute Ajangizko Udaletik. Izan ere, Euskal Jaiak hamar urte beteko ditu. Hori agerian jartzeko logo berezia sortu dutela azaldu dute antolatzaileek.
Eguerdian hasiko dira ospakizunekin; pregoia botako dute jaiagaz hasteko, eta jarraian herriko gazteek prestatutako dantzak egingo dituzte Kanpantxuko plazan batzen direnen aurrean, aurreko urteetan egin modura. Antolatzaileek azaldu dutenez, hamargarren urteurrenean Altsasuko gazteen eta Kataluniako buruzagi independendisten alde egiteko koreografia prestatu dute. Ez hori bakarrik, irailean zendu zen Iñigo Muguruza musikaria ere omendu gura dute.
Jan ostean, kirola. Euskal Jaia hasita, auzoko baserrietatik poteoa egingo dute bazkaldu aurretik. Ondoren herri bazkaria egiteko batuko dira frontoian; entsalada, berakatz sopa eta gisatua bazkalduko dute. Nola ez, ohiko postrea ere ez da faltako: gazta eta menbrilloagaz amaituko dute bazkaria. Guztira 75 lagun batuko dira frontoian; izen ematea dagoeneko itxita dagoela nabarmendu dute antolatzaileek.
Sabela bapo bete ondoren, kirola egiteko unea helduko zaie ajangizkoei. Herri kirolen desafioa prestatu dute aurten: herrikoak Arratzuko Piratak Herri Kirol Klubeko kideen aurka ariko dira prestatu dituzten probetan.
Eguna amaitzeko ardura musikariek hartuko dute. Gaur argi taldeak erromeria eskainiko du, eta ostean txosnako musikak girotuko ditu Ajangizko Euskal Jaiko azken uneak.
Egitaraua:
- 12:00. Jai hasierako pregoia eta dantzak
- Ostean. Poteoa, baserriz baserri.
- 15:00. Herri bazkaria.
- 18:00. Herri kirolen desafioa: ajangiztarrak vs Arratzuko Piratak
- 21:00. Erromeria Gau argi taldearen eskutik.
- Ondoren. Musika txosnan.