Martxan da euskara jolasean errotuko duen ekimena
Jolastokietan haurren artean eta haurrek gurasoekin dituzten harremanetan euskararen erabilera areagotzea da ekimenaren asmo nagusia.
Olgetan errotu gura dute euskara beste behin Gernika-Lumon, eta jolastokietan eragin gura dute Kalean Olgetan programaren bitartez. “Kalean haurrek beraien artean eta gurasoekin dituzten harremanetan eta hizkuntza ohituretan eragin gura dugu programagaz. Urtez urte, kaleko euskararen erabilera sustatzeko lanean gabiltza”, adierazi dute proiektuaren arduradunek.
Helburu finkoa du URE elkarteak eta Gernika-Lumoko euskara zerbitzuak antolatutako ekimenak: esparru ez formalean euskararen erabilpena areagotzeko baldintzak finkatzea. Izan ere, 5 eta 12 urte bitarteko umeei eta euren gurasoei zuzendutako programa da.
Euskara sustatzeko kutxa ibiltari handi bat jarriko dute udalerriko hiru jolasgunetan txandakatuz –San Juan Ibarran, San Kristobal plazan eta Pasealekuan–. Joan den astean jarri zuten martxan, eta abenduaren 6ra bitartean, astean hiru egunez egongo da erabilgarri.
Kutxa ibiltaria jolas tresna eta talde jolasetarako euskarriz beterik dago. Tresna horien bitartez, talde jolasak bultzatu, jolas tresnak eskaini eta haurrekin zein gurasoekin harreman zuzenak landuko dituzte
Denbora guztian bi begirale egongo direla ere zehaztu dute arduradunek. Gurasoen partaidetza zuzena lantzeko, gainera, jolasei buruzko fitxak prestatu dituzte, eta horien bidez programari buruzko informazioa ere jasoko dute gurasoek.
Urteak lanean. 2016. urtean abiarazi zuten Kalean olgetan proiektua. Urte horretan euskararen erabileraz kalean egindako neurketen emaitzekin kezkatuta zeuden udalerriko hainbat norbanako, talde zein elkarte.
Izan ere, azterketa horrek erakutsi zuenez, haurrak ziren udalerriko kaleetan euskara gehien erabiltzen zutenak, baina erabileraren datuak beheranzko joera zeukan: “2011n haurren %69,1ak erabiltzen zuten euskara kalean, eta 2016ean, berriz, haurren %62,2ak”.
Neurri berean, haurren euskararen erabilera ikastetxeetan eta ikastetxeetatik kanpo zelakoa zen ere aztertu zuten, eta haurrak kalean bakarrik zeudenean euskararen erabilerak 25 puntuko jaitsiera zuela ohartu ziren. Izan ere, %66,7 ziren euskara ikastetxeetan bakarrik zeudenean erabiltzen zutenak, eta %41,4, berriz, kalean bakarrik zuedela erabiltzen zutenak.
Egoera horri konponbidea emateko asmoz, haurrek kalean zituzten harremanetan eraginkorrak diren jokabideak aztertzeko batu ziren, baita konponbideak planteatzeko ere. Taldearen helburua haurren hizkuntza ohituretan eragitea izan zen, maila ez formalean eta gurasoak inplikatuz.
Ondorioz, URE elkarteak hurrengo hiru hilabeteetan zehar gauzatuko den ekimena proposatu zuen. Orduko hartan bi hilabeteko proba egin zuten, eta aurreko bi urteetan izandako esperientzia “guztiz positiboa” kontutan hartuta burutuko dute aurten ere.
Balorazioa. Iazko emaitzen txostenaren arabera, egun bakoitzean 100 partaide izan zituen ekimenak, “lekuaren eta egunaren araberako datuak aldakorrak izanik”.
Antolatzaileen berbetan, “arrakastatsua” izan zen iazko partaidetza: “Guretzat oso arrakastatsua da balorazio kuantitatibo hori. Zortzi astetan zehat mantendu zen dinamika izan zen”. Balorazio kualitatiboari erreparatuz, baina, euskararen erabilerari buruz egingo den hurrengo neurketara itxaron behar dela adierazi dute.