Goikoetxea eta Lekerikak irabazi dute Madrilgo sari nagusia
Aritz Erkiaga eta Ibon Aldazabalen kontra lehiatu zuten finala atzo, eta bi setetan erabaki zuten norgehiagoka. Partidu parekatua eta emozio bizikoa izan zen.
Iñaki Osa Goikoetxea eta Unai Lekerika nagusitu dira seigarren urtez ospatu den Villa de Madrid Sari Nagusian; zestalarien egutegian egonkortzen doan txapelketa da Madrilekoa. Goikoetxeak eta Lekerikak Aritz Erkiaga eta Ibon Aldazabalen kontra lehiatu zuten finala atzo, eta bi setetan erabaki zuten norgehiagoka.
Emozio bizikoa izan zen partidua, parekatua eta frontoira gerturatutako zaleak gozarazi zituena.
Erkiagak eta Aldazabalek egin zituzten partiduko lehenengo tantoak, baina Goikoetxeak jarraian erantzun zien. Joko zuzena erabili zuen Zumaiako aurrelariak, eta norgehiagoka iraultzea lortu zuen, markagailuan 12-9koa jarriz. Erkiagak ez zuen amore eman, eta bere tantoekin puntu bakar batera hurreratu ziren. Unai Lekerikak adierazi duenez, lehenengo setaren azken uneak oso berdintsuak izan ziren: “Denbora osoan egon ginen lauzpabost tanto aurretik, eta set amaieran hurbildu egin ziren, markagailuan 10-1o jarriz. Azken tarte hori oso berdindua izan zen, baina azken bi tantoak gureak izan ziren”. Hala, 15-13koarekin irabazi zuten lehenengo txanpa txapelketako irabazleek.
Bigarren setean ere bikain hasi zen zumaiarra, eta sendo aritu zen atzean Lekerika. Aurreko setagaz alderatuta, “guztiz” desberdina izan zela dio Lekerikak: “Oso ondo hasi ginen eta lortutako abantailagaz jokatu genuen”. Erkiagak eta Aldazabalek, pelota jasotzeko arazoak izan zituzten, eta markagailuan ihes egitea lortu zuten Goikoetxeak eta Lekerikak; zazpi puntu aurretik jarri ziren. Bigarren setean ere, erantzun egin zien Erkiagak, eta tanto ikaragarriak egin zituen markagailuan hurbiltzea lortuz (14-12). “Azken tantoan Goikoetxeak zabalera errematatu eta tantoa egitea lortu zuen”, aitortu du gernikarrak. Azkenean, norgehiagoka 15-12koagaz bukatu zen.
Goikoetxeak eta Lekerikak bi partidu jokatu dituzte aurtengo txapelketan, eta euren nagusitasuna erabatekoa izan dela diote arduradunek. Ez dute setik galdu jokatu dituzten bi norgehiagoketan. Horregatik, “oso pozik eta gustura” daudela onartu dute.
Laugarrenak Hormaetxea eta A.Aldazabal. Alex Hormaetxeak eta Aimar Aldazabalek txapelketako garailen aurka galdu zuten finalaurrekoa, eta hirugarren postua eskuratzeko jokatu zuten atzo Manex Urtasun eta Jean Olharanen aurka. Hala ere, ezin izan zuten irabazi eta bi setak galdu zituzten (15-10 eta 15-11). Ondo hasi ziren 0-4 aurreratu baitziren markagailuan. Abantailagaz, baina, zenbait hutsegite izan zituzten pilota hartzeko uneetan, eta markagailua iraultzea lortu zuten Urtasun eta Olharanek (15-10).
Bigarren setean, berriz, Urtasun eta Olharan izan ziren hasieratik aurreratu zirenak (6-2), baina partidua 11 tantotara berdintzea lortu zuten Hormaetxea eta Aldazabalek. Hala ere, pilota hartzeko zailtasunekin jarraitu zuten bermotarrak eta berritxuarrak, eta ezin izan zuten bigarren seta eskuratu.
Madrileko txapelketan Diego Beaskoetxeak Txabi Inzagaz jokatu zuen, baina finalaurdenetako partidua galdu zuten Olharan eta Urtasunen aurka hiru setetan (15-14, 11-15 eta 1-10).
Zesta ezagutarazten. Seigarren urtez antolatu dute Madrilgo txapelketa, eta partiduak ikustera gero eta jende gehiago hurbildu dela aitortu dute arduradunek. Profesionalen partiduak jokatzeaz gain, afizionatuen mailako emakumezko zein gizonezkoak ere aritu ziren frontoian.
Halaber, Madrilgo Beti Jai frontoi historikoa bisitatzeko aukera izan zuten pelotariek. Orain bi urte hasi ziren frontoia berriztatzen, eta horretarako lanean dabiltza oraindik ere. “125 urte egon da abandonatuta, eta azken bi urteetan berriztatze lanak egin dituzte eraikina ez erortzeko. Orain, ondare kultural bezala bihurtu gura dute, eta erakustaldiak egin gura dituzte”, adierazi du Lekerikak.