Eskualdeko herritarrak kalera atera dira Altsasuko gazteei babesa eta elkartasuna adierazteko
Gernika-Lumon eta Bermeon mobilizazioak egin zituzten bariku iluntzean.
Eguaztenean [urriak 9] jakitera eman zuen Espainiako Gorenak bere erabakia, eta ordutik Euskal Herriko txoko askotan elkartu dira herritarrak Altsasuko gazteei elkartasuna adierazteko. Busturialdean ere horrela izan da; Gernika-Lumon eta Bermeon mobilizazioak egin zituzten bariku iluntzean. Lehenengoan, Merkurion hasi eta amaitu zuten manifestazioa, eta bigarrenean, Lameran elkarretaratzean batu ziren herritarrak.
Auzitegi Nazionalaren epaiaren aurka defentsak aurkeztutako helegitea aztertzeko, irailaren 18an egin zuten Goreneko auzi saioa, eta aurreko eguaztenean atera zuten sententzia. Espainiako Auzitegi Gorenak altsasuko gazteei zigor urteak murriztu dizkiete, baina kartzelan jarraitu behar dute; hiru urte eta erdi eta bederatzi urte eta erdi arteko kartzela zigorra ezarri die.
Epaian zehazten denez, “badira biktimei eragindako lesio fisiko eta psikologikoen froga nahikoak, akusatuak segurtasun indarren aurkako delituengatik, lesioengatik eta desordena publiko eta mehatxu delituengatik zigortzeko”.
Ideologiagatiko astungarririk ez die ezarri gorenak, eta horregatik murriztu dizkiete zigor urteak. Horrez gain, agintearen aurkako erasoaren kasuan, ez dute gehiegikeria zantzurik ikusi, eta Aratz Urrizolari eta Iñaki Abadi bertan behera utzi dizkiete lesio delituengatiko zigorrak, frogarik ez zegoelako.