Hirugarren urtez jarraian, Aingeru Castrok eta Alaitz Urkiolak irabazi dute Gernika-Lumoko Rallya
Atzoko proba irabazita, Euskadiko Rally Txapelketa poltsikoratu dute berriro ere Castrok eta Urkiolak. Aurtengo denboraldiko "helburua bete" dutela eta 26. Gernika-Lumoko Rallyan "gustura" aritu direla azpimarratu dute. Txus Jaiorentzat eta Jesus Urkidirentzat izan da Urdaibai Kopa.
Bart Gernika-Lumon nagusituta, eta proba bakarraren faltan, Euskadiko Rally Txapelketa irabazi dute. Horixe izan dute denboraldiko helburua, eta lanak ondo eginda pozik daudela adierazi zuten atzo: “Helburua bete dugu. Orain, Rallysprinta ere geratzen zaigu, eta polita litzateke bi txapelketak irabaztea”.
Atzoko lasterketari dagokionez, Txus Jaiok eta Jesus Urkidik eta Victor Etxabek eta Mikel Arzak osatu zuten podiuma. Hain zuzen, Kastinparro Racing-eko Jaio eta Urkidi izan ziren Urdaibai Koparen txapeldunak.
“Goizeko lehen ordutik mantentzea lortu dugun erritmoagaz oso pozik gaude. Aurkari gogorrak eduki ditugu; batzuk bidean geratu dira, Ivan Muñoz, esaterako. Txus Jaiorekin borrokatu gara. Oso azkar joan gara; erritmo ona lortu dugu, eta eduki dugun plusa ondo aprobetxatzen asmatu dugu tarte handia ateratzeko”, azaldu zuen Castrok.
Lehen momentutik euren BMW M3an gustura joan zirela azpimarratu zuten. “Dena ondo joan da; kotxea primeran joan da, eta oso pozik gaude. Bigarren tartetik ia minutu erdi aurretik joan gara. Hala ere, abantailarik izango ez bageneukan modura segitu dugu. Azken tartean apur bat dosifikatu dugu”, adierazi zuen Urkiolak.
Julen Bilbao sariak. Julen Bilbao gogoratu eta Endika Salegiri elkartasuna adierazteko eguna izan zen atzokoa. Ekainaren amaieran, Balcon de Bizkaia Rallya lehiatzen zebilela izandako istripuan zendu zen Bilbao, Gernika Racing Elkarteko lagunek bera omentzeko eta familiari babesa adierazteko baliatu dute aurtengo proba. Arratzuko tarteari bere izena ipini eta parte hartzaileen zerrendan 28 zenbakiagaz sartu zuten. Horrez gain, bestelako hainbat keinu ere izan zituzten antolakuntzakoek zein parte hartzaileek, eta saridunetako batzuek euren oroigarriak Bilbaoren semeari eta alabari oparitu zizkioten.
Julen Bilbao sariak ere banatu zituzten. Gernika Racing-eko Ibai Zumalakarregik eta Ibai Ajuriagoikoak lortu zuten lehen saria. Egoitz De Luis eta Ion Murgialdaik (Durangalde Racing) irabazi zuten bigarren saria eta Gernika Racing-eko Anartz Arrietak eta Koldo Ugaldek jaso zuten hirugarrena. Bilbaoren emazteak eta seme-alabak banatu zizkieten sariak. Antolatzaileek nabarmendu zutenez, “aurtengo sari berezienak” izan dira.