Bidegorritik, seguruago
Kantaleko bihurgunearen gune arriskutsua ekiditeko bidegorriaren zati berria egin du Foruko Udalak, eta herritarrek inauguratu dute gaur.
Egunero-egunero erabiltzaile asko ditu Forua eta Busturia lotzen dituen bidegorriak. Horien segurtasuna bermatuta egotea da udalen kezka nagusietako bat, eta bide horretan beste pauso bat eman du Foruko Udalak. Kantaleko bihurgunearen gune arriskutsua ekiditeko bidegorriaren zati berria amaituta, gaur eguerdian egin dute inaugurazio ekitaldia.
Forutarrak bizikletekin hurbildu dira Elexalde eta Kantale batzen dituen bidegorriaren gune berrira, eta eurek moztu dute zinta. Jarrain, bizikletetara igo eta pedalkadaz-pedalkada probatu dute 177 metroko tartea.
Bidegorria egin zutenetik puntu beltz bat eduki dutela gogora ekarri du Mikel Magunazelaia Foruko alkateak: “Txirrindulari eta oinezko asko pasatzen den gunea da, eta ezer pasatu orduko konpondu beharreko gauza izan da hau. Orain, segurtasun osoz Busturiraino joateko aukera daukagu”. Kantaleko bihurgunea gune arriskutsua albo batera utzita, irisgarritasuna eta segurtasuna bermatzea eta ikuspena hobea izatea lortu dutela azpimarratu du.
98.000 euroko inbertsio egin dute, eta lanak burutzeko Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza eduki du udalak: “Aldundiak %25a eman digu”. Aipatu lanok inguruko aparkalekuak atontzeko aprobetxatu dituztela eta azken ukituak egitea falta zaiela zehaztu du alkateak.