"Urriaren 19ko Italiako Munduko Txapelketako finala dut begiz jota""
2014az geroztik lorpen esanguratsuak eskuratu ditu Maria Zorroza gernikarrak mendiko lasterketetan. Irailaren 29an Bizkaiko Txapelketa irabazi zuen Gorbeia Suzien proban.
Bizkaiko txapeldun berria zara. Pozik lortu duzun emaitzagaz?
Nire lasterka korritzera joan nintzen hasiera-hasieratik. Banekien Yngvild Kaspersen zela faboritoa, izan ere, norvegiarra parte hartzen duen proba guztietan da faborito. Mundu mailan onenen artean dagoen korrikalaria da. Bere atzetik hasi nuen proba, eta gustura sentitzen nintzen. Lehen kilometroak gorantz ziren, eta hori da nire indargunea, baina Gorbeia igotzen hastearekin batera, Andrea Garaik aurreratu egin ninduen. Nire erritmoa mantendu nuen, ito gabe, oraindik ere kilometro asko geratzen baitziren, eta apurka-apurka Garairengana hurbildu nintzen. Ez nuen hura berriz aurreratzerik izan, baina pozik nago. Lehen bizkaitarra izanik, txapeldun izan nintzen.
Nolakoa da zure harremana Gorbeia Suzien lasterketarekin?
Denboraldia oso luzea da, apirilean hasi nuen Euskal Selekzioarekin Munduko Txapelketa. Herrialdez herrialde ibili naiz ordutik, bidaia asko egin behar izan ditut, eta denboraldiko bigarren zatira nekatuta iritsi naiz. Hala ere, Gorbeia Suzien lehiaketan parte hartu nahi nuen iraila bukaeran. Iaz ez zen egin, baina urtero lehiatu dudan lasterketa bat da, eta oroitzapen politak dakarzkit. Kasualitatez, aldi berean, Bizkaiko Txapelketa ere izan da aurten, eta irabazi egin dut. Ez nuen helburu gisa aurten Bizkaiko txapelketa, baina berez etorri zait. Ilusioa ematen dit.
Zeitzuk dira, beraz, zeure aurtengo denboraldiko helburu nagusiak?
Helburuak baino, erronkak ditudala esatea gustatzen zait. Urriaren 19an Italian egingo den Munduko Txapelketako finalera sailkatzea zen nire erronka nagusia urte hasieran, eta Trasvulcania (La Palma, Kanariak) lasterketan lortu nuen dagoeneko, maiatzean. Momentuz finala daukat begiz jota, horregatik, Behobia-Donostia ganoraz prestatzeko denborarik ez daukat, iaz bezala. Probaren egunean daukadan onena ematea da nire asmoa, disfrutatzea. Ez daukat marka edo postu konkreturik buruan.
Zein emaitza espero duzu Italiako finalean?
Munduko korrikalari onenen aurka lehiatzea gustatzen zait, norberaren maila non dagoen aztertzea. Baina hankak lurrean eta burua dagokion tokian izanda. Ez naiz profesionala, baina nire onena ematen dut beti. Ez zait postu jakin bat edo beste lortzea inporta. Orain, bizipenek garrantzia gehiago dute niretzat emaitzek baino. Mundu hau inguratzen duten elementuak aintzat hartzen ikasi dut. Erakartzen nauena da urte hauetan ezagutu ditudan pertsona eta leku ezberdinak, lasterketak… Inoiz baino gehiago disfrutatu dut aurten, beharbada, beste gauza batzuk baloratzen hasi naizelako edo.
“Euskal Selekzioak munduko lasterketa onenetan lehiatzeko aukera eman dit”
Munduko Txapelketako proba guztietan izan zara?
Gehienetan. Apirilean Japonian hasi nintzen Euskal Selekzioko gainerako kideekin, eta La Palman, Italian zenbaitetan, Katalunian, Norvegian… aritu naiz. Inoiz baino bidaia gehiago egin ditut aurten.
Zein modalitateko probak izan dira?
Elkarren artean ezberdinak dira lasterketa hauek. Batzuk Extreme izan dira, altuera garaietan egin direnak, alpinoak, desnibel handikoak, ia biderik ere ez dagoen lekuetatik igaro direnak. Beste batzuk Ultra modalitatekoak dira, Trasvulcaniakoa, adibidez. Lasterketa oso luzeak dira era honetakoak. Gustukoen 30 kilometro inguruko ibilbideak ditut, ez oso teknikoak direnak. Entrenamenduak asfaltoan egiten ditut normalean, erreka hegaletik batez ere. Horregatik, lasterketak zenbat eta erritmo biziagokoak izan, erosoago sentitzen naiz.
Nazioartean aritzeaz gain, eskualdean ere bazabiltza aurten lehiatzen?
Urdaibai Kopako lehen lasterketara joan eta irabazi egin nuen, Ibarrurin. Gautegiz-Arteagakoan aldiz, parte hartu banuen ere, ez nintzen irabazteko lehian sartu. Ez da aurtengo erronka nagusia izan. Beste zerbait probatu nahi dut, motibazioa bilatzeko proba ezberdinak probatzen ditut. Nazioarteko probek garrantzia gehiago daukate niretzako, eta horietan kontzentratu naiz. Euskal Selekzioaren laguntza izan dut, eta munduko lasterketa garrantzitsuenetan parte hartzeko aukera eman didate. Hala, gaur gaurkoz, horiek ahalik eta hoberen prestatzen ari naiz. Babes handia ematen du selekzioak, egia esan.
“Garrantzitsuena kirola bera da, eta ez hura inguratzen duen muntaia guztia”
Zein zentzutan?
Bidaiatzerakoan gastu guztiak beraien kontu doaz, hala bertan gauden kirolariok korrika egitea beste ardurarik ez daukagu. Eskualde mailan ere, Arrolape Mendi Taldean federatuta nago, eta estimu handia diot. Kirol honi lotuta egoteko beharrezkoa den motibazioa eman dit klubak bertan sartu nintzenetik.
Mendian korrika egiten hasi zinenean azpimarratu zenuen zaletasun bat baino ez zela. Berdin izaten jarraitzen al du?
Ez naiz kirol honetatik bizi, ezinezkoa da. Baina lanaren eta kirolaren artean oreka bat mantentzen asmatu dudala uste dut. Zaletasuna da niretzako, bai, baina denbora asko eskatzen duena, gogor entrenatu behar da. Kirol modalitate berria da, eta marka ezagunak apustu sendoa egiten ari dira aurrera ateratzeko, halere, mendi lasterketez bizitzeko ez dago posibilitaterik. Hasi nintzenetik gaur egun arte fase ezberdinetatik igaro naizela uste dut. Motibazioagatik hasi nintzen korrika egiten, talde bat aurkitu nuen eta gogotsu nengoen. Urteak igaro ahala, esperientzia pilatzen joan naiz, eta pauso bat gehiago eman dut. Gorputza eta elikadura zaindu ditut, entrenamenduak hobetu ditut…
Jende askok egiten du mendian korrika azkenaldian. Zergatik?
Asko betetzen duen kirola da. Mendian zaude, aske. Lanetik irtetean, egun txar bat izatean, mendira joan eta ez duzu inor, bakarrik zaude, naturaz inguratuta. Isolatuta guztiz. Kirol hau inguru oso berezi batean, mendian, egitea erakargarria da. Lasterketetan, gainera, korrikalaria zaletuarekin batera dago, bere babesa hurbiletik sumatzen da. Beste kirol askotan ez da hori gertatzen.
Moda bilakatuko ote den beldur al zara?
Arazo larria litzateke. Masifikazioa eta handikeria kontuan hartu beharreko faktoreak dira, kirolaren sustraia, erroa galtzea arriskutsua baita. Argi izan behar dugu mendi lasterketak nondik datozen, zer diren, eta nora heldu daitezkeen. Gertatu litekeen masifikazioak kirolaren esentziari kalte egingo liokeela uste dut. Dagoeneko, sare sozialetatik norbere burua saltzen dabiltza asko, marka ezagunak erakartzeko. Ahaztu egiten zaigu garrantzitsuena kirola bera dela, eta ez inguratzen duen muntaia guztia.