Tokian tokiko gaitasun kolektiboak, argitara
Gatazkan dauden Lurraldeak izeneko nazioarteko proiektua burutzen dabiltza, eta Urdaibaiko, Kolonbiako zein Mozanbikeko herritarren gaitasunak aztertu dituzte.
Interes pribatuak lehenesten dituen politika eredua nonahi ikus daiteke gaur egun, eta politika eredu horri aurre egin gura dioten taldeak ere nonahi aurki daitezke. Horietako batzuk, tokian tokiko erronkei ingurumena errespetatuz aurre egiteko prest daude.
Hala, Gernika Gogoratuzek eta Gernikatik Mundurak elkarrekin aurkeztutako Gatazkan dauden Lurraldeak nazioarteko lankidetza proiektuak gatazkan dauden hiru herritako tokian tokiko proposamenei buruzko ikerketa bultzatu du azken urteetan: “Eredu hegemoniko patriarkal neoliberalak eta bere ordezkari nagusiek (enpresa transnazionalek), lurralde zehatzetan dituzten eraginak aztertzeko, eta horien aurrean emandako erantzun kolektiboa aztertzeko bultzatu dugu proiektua”.
Urteetako prozesua izan dela onartu dute, eta azkenean lan horren fruituak ikusi dituztela diote arduradunek: “Orain dela hamar urte inguru EHUko irakasleak batu ginen, eta ikuspegi teoriko batetik jorratu genuen tokiko giza garapena”. Alde teoriko eta metodologikotik landu zituzten egoera desberdinak, baina ikertutako hori praktikara eraman gura zuten.
Horretarako nazioarteko ikerketa taldea osatu zuten hiru lurraldetan: Toliman (Kolonbia), Cabo Delgadon (Mozambike) eta Urdaibain, eta toki horietako giza garapen iraunkorraren eta tokiko giza garapenaren ikuspegiak aztertu dituzte.
Errealitate desberdinak
Lantaldearen asmoa ez da hiru lurraldeen arteko konparaketa egitea izan, toki bakoitzean aldaketarako sortzen diren gaitasun kolektiboak aztertzea baizik; “enpresa transnazionalek eragina duten herrietan batez ere”.
Hiru herrialdeotako beste eskualde batzuetara zabaldu gura dute ikerketa
Mozanbikeko kasuan, harri bitxien erauzketaren ondorioak aztertu dituzte. “Duela 15 urte hasi ziren erauzketak egiten, eta horren ondorioak aztertu gura genituen. Multinazionalek onurak atera gura zituzten, baina ez zen horrelakorik gertatu. Izan ere, herritar talde ezberdinak horren aurrean antolatu ziren”, aitortu dute arduradunek. Hala, antolatzeko prozesu horiek aztertu dituzte: “Bizi alternatiba ezberdinak nola eraiki ziren aztertu gura genuen”.
Kolonbiako Tolimako kasua oso desberdina da. Urrezko mehategi bat martxan jarri gura zuten multinazionalek bertan, baina bertako ekologista eta baserritarrak batu, eta herri kontsulta baten bitartez plan hori atzeratzea lortu zuten.
Urdaibain, berriz, ez dagoela erauzketa arazorik diote: “Ez dira erauzketak egiten ari, baina badaude tokiko giza garapena kontutan hartu barik bultzatu gura dituzten proiektuak; basoen kudeaketan esaterako”.
Hiru lurraldeetan errealitateak oso desberdinak izan arren, jendearen batzeko gaitasuna ikertu dute. Giza garapen iraunkorraren eta tokiko garapenaren ikuspegiak errespetatuz herritar zein eragileek zelako aukerak sortzeko gaitasuna duten ikusi gura izan dute horrela.
Helburu hori ardatz hartuta, 25 ikerlariko taldea eratu, eta tokian tokiko unibertsitateen zein elkarte eta eragileen laguntzaz, hiru kasuak aztertu dituzte. “Gauza ezberdinak egin ditugu ikerketan. Diagnostiko bat egitetik abiatu ginen, eta horretarako prozesu parte hartzailea egitea pentsatu genuen hiru lurraldeetan”, aitortu dute Gernika Gogoratuzeko ordezkariek.
Tokian tokiko gaitasunak aztertu zituzten prozesu horren bitartez, eta hainbat ondorio atera zituzten.
Toliman-eko nekazariekin elkarrizketak eta mahai inguruak egin zituzten. Cabo Delgadon Madrileko zein EHUko ikerlariak egon ziren, eta batzar bat egin zuten: “Orain dela urte erdi gatazka bortitzak egon dira bertan, 200 hildako baino gehiago eraginez. Eta gatazka horiek multinazionalen eraginagaz zerikusi zuzena dute. Ondorioz, segurtasun neurriak ez dira erabat onak izan, baina batzarra egitea lortu genuen”.
Urdaibain ere, hainbat tailer egin dituzte, tokiko eragile desberdinekin. Lehenengo fasean aternatibak ezagutu zituzten, eta protagonistekin euren lana sakondu zuten bigarrenean. Hortik, hainbat proiektu burutu dituzte.
Ikus-entzunezkoak
Eskualdeetako aukerak zeintzuk ziren ezagutarazteko, eta horiei buruz hausnartzeko, hainbat proiektu burutu dituzte. Hala, hiru ikus-entzunezko egin dituzte, lurralde bakoitzean bat.
Joan den astean aurkeztu zuten udalerrian Urdaibaiko dokumentala, eta harrera ona izan zuela diote arduradunek: “Asko ikusi eta zabaldu da. Eskualdeko jendeari zer egiten gabiltzan helarazteko metodoa izan da, baita urte eta erdian landu duguna ezagutzeko aukera ere”. 130 pertsona batu ziren Lizeo Antzokian, eta giza garapen iraunkorraz gero eta interes handiagoa dagoela uste dute. “Herritarrekin hausnarketa kolektiboa egiteko lekuak sortu behar dira, eta horiek zabaldu. Komuneko aukerak sortu behar dira eskualdearen onerako: bai ingurumen zein pertsonentzako”.
EHUko irakasleek, gainera, liburu bat ere egin dute. Horretan, gaitasun kolektiboa landu dute hainbat ikuspegitatik: “Feminismoaren ikuspegitik, bake kritikoarenetik, politika demokratikotik, ekonomia feminismotik… sakondu dugu gaitasun kolektiboa. Hala, aurretik landuta geneukan marko teorikoa jorratu dugu”. Liburua hurrengo hilabetean argitaratzea aurreikusi dute, eta ekoitzitako bideo zein txostenak webgune berezi batean ikusgai jarriko dituztela diote.
Aurrerantzean, lan
Proiektuagaz, nazioarteko online ikastaroak jarri dituzte martxan. Hainbat unibertsitatek parte hartu dute ikerketan, eta elkarregaz, datorren astetik aurrera hasiko diren online ikastaroak prestatu dituzte, hiru hizkuntzatan: euskaraz, gazteleraz eta portugesez.
Online ikastaroek izan duten harrera nabarmendu dute antolatzaileek. Izan ere, 700 izen emate eduki dituzte, baina 50ek jasoko dituzte klaseak: “Oso harrera ona eduki du”. Ikastaroak udan prestatu dituzte, eta “lan handia” izan dela onartu dute: “Oso erronka handia izan da materia guztia hiru hizkuntzetan prestatzea. 25 ikerlari koordinatzea Gernika Gogoratuzetik lan gogorra izan da, eta emaitza guzti horiek lortzea polita da”.
Proiektuaren nondik norakoak jasotzen dituen liburua argitaratuko dute
Aztertu dituzten hiru lurraldeetatik ezagutza zehatzak atera dituzte. Horrekin gizarte mugimendu eta bestelako indarren gaitasun kolektiboak indartu eta ekintza transnazionalen aurkako erresistentzia eta bizitza ikuspuntu alternatiboak martxan jarri gura dituzte.
Horretarako, hainbat aurkezpen egingo dituzte hurrengo hilabeteetan Gernika-Lumon, Bilbon zein Madrilen. Azaroan, esaterako, Urdaibaiko Patronatuak Urdaibairi buruzko nazioarteko konferentzia bat egingo du eskualdean, eta dokumentala proiektatzeko aukera edukiko dute, bai eta ikerketari buruzko zenbait aurkezpen egiteko ere.
Halaber, bigarren fase bat burutzeko asmoa ere badute. “Mozanbiken Maputo hiriburuko beste kasu azterketa bat egin gura dugu, baita Kolonbiako Kaketa inguruan ere. Horretarako proiektua onartu behar dute”, aitortu dute.