Udal liburutegiaren 10. urteurrena ospatuko dute bihar, Kortezubin
Logotipo berria estreinatuko dute, eta hamar urteetan lortutakoa gogoratu dute bertaratzen direnek.
Kortezubiko udal liburutegiak hamar urte beteko ditu bihar, eta egun berezi hori ospatzeko jaia prestatu dute txoko gaineko gelan 18:30etatik aurrera. Bertan, udal liburutegiarentzako prestatutako logotipo berria aurkeztuko dute bertaratzen direnen aurrean.
“Logotipo sinplea da, baina irudia jarri gura genion liburutegiari”, adierazi du Karmele Enbeita Kortezubiko alkateak. Hala, biharkoan liburutegiaren urteetako ibilbidea gogoratzeko batzartuko dira, eta aurkezpena egiteaz gain, jatekoa ere edukiko dute bertaratutakoek. Jai sinplea antolatu dute, udal liburutegiaren beharra gogoratzeko.
Halaber, hamar urtetan zehar udal liburutegian lan egin duten langileen lana nabarmendu du alkateak: “Ez da liburutegi handia, baina oso ondo antolatuta eta sailkatuta dago, lan handia egin dute langileek”. Oso ondo funtzionatzen duen zerbitzua dela dio gainera, eta erabiltzaileak ere “pozik” daudela aitortu du. Izan ere, handia izan ez arren, liburu eta filmen artean 5.000 ale inguru dituztela adierazi du. 158 erabiltzailek dute txartela, eta e-liburutegiko parte da, baita Bizkai, Araba eta Gipuzkoako irakurketa publikoko sarekoa ere.