Madalen Egunean teila Izaro irlaren aurrean botatzearen ekintza errepikatu dute, Ondare Jardunaldien baitan
Zapatuan [urriak 5] izan zuten lehen hitzordua, eta hilaren 19an errepikatuko dute. Dagoeneko toki-kopurua beteta dago (50 pertsona).
Europako Ondarearen Jardunaldiak direla-eta, hitzordu berezia izan zuten zapatuan [urriak 5], Bermeon. Madalen Egunean [uztailak 22] Izaro irlaren aurrean teila botatzearen ekintza sinbolikoa errepikatu zuten.
Arrantzaleen Museoak antolatuta, ikusmin handia sortu zuen jarduerak, izan ere, izena emateko epea zabaldu zutenetik, “eskaintzen genituen 50 tokiak bete” zirela eman dute jakitera. “Itxaron zerrenda bat ere izan dugu”. Hitzorduak parte hartze arrakastatsua izan duela nabarmendu dute, bertaratutakoak “oso pozik” gelditu zirela gehituz. Egindako inkestetan ere “balorazio positiboa” nabarmendu dute Arrantzaleen Museoko ordezkariek.
“Bizkaitik etorri ziren batez ere bisitariak, baina Valentziako bikote bat ere izan genuen. Gaia ezagutzen zuten gehienek, baina ez horrenbeste istorioa. Hala, asko ikasi zutela esan digute”.
Urriaren 19an bigarrenez egingo dute Izarora irteera, eta dagoeneko 50 tokiak beteta daude. “Printzipioz ekintza berdin errepikatuko dugu, baina itsasoaren zain gaude. Eguraldi ona izatea espero dugu”.
Asteburuko jarduerak. Gernika-Lumo eta Muxika hartuko ditu Europako Ondarearen Jardunaldiak zapatuan [urriak 12]. Aiko taldearen eskutik, euskal dantza tradizionala eta horrek izan duen bilakaera praktikan jartzeko aukera egongo da euskal erromeria batekin, Gernika-Lumon. Hitzordua 18:00etan dute interesatuek, eta izena emateko Euskal Herria Museora (946 255 451) deitu edo mezu elektroniko bat (euskalherriamuseoa@bizkaia.eus) idatzi beharko dute.
Horrez gain, Gernikako Jai Alai Eskolak hiribilduko frontoien bilakaera ezagutzeko bisitaldi gidatua antolatu du. 11:00etan elkartuko dira bertaratu nahi dutenak Turismo Bulegoen, baina aurretik izena eman behar dute 946 255 892 telefono zenbakira deituz edo turismo@gernika-lumo.net helbidera mezu elektroniko bat bidaliz. Batean zein bestean leku-kopuru mugatua izango dute.
Muxikan, aldiz, Ariatza auzoko Santa Kurtze jaietan egin ohi duten Saragiaren Hiletaren antzezpena egingo dute. Santa Kurtz elizaren plazan dute 13:00etan hitzordua interesatuek, zapatuan.