Jon Koldo Bikandirena izan da ganadutegi onena Urriko Lehen Astelehenean
Eme onena ere Bikandirena izan da. Ar txapelduna, berriz, Mari Carmen Abendibarrena izan da, eta Hazi jartzearen eme txapelduna Urbizu Berrirena. Guztira 120 abelburu eta 27 ganadutegi egon dira. Halaber, azokan 30 saltoki jarri dituzte.
Urriko Lehen Asteleheneko Azoka ospatu dute atzo eta gaur Gernika-Lumon. Urteroko hitzorduak ez du hutsik egin, eta Piriniotar Abelburuen Euskadiko 34. Txapelketa lehiatu dute. Atzo egin zituzten epaileek lehen aukeraketak, eta gaur erabaki dituzte sari nagusiak. Hala, aurtengo lehiaketako abelbururik onenak, Jon Koldo Bikandirenak izan dira, “homogeneotasunagatik”.
Ganadutegi onena aukeratzeko orduan, abeltzainen beterotasuna eta produktuaren homogeneotasuna aitatu dituzte behin eta berriz epaileek. Lehia estua egon da saridunaren eta Mari Carmen Abendibarren ganadutegiaren artean, baina, Bikandik aurkeztutako behi guztiek eduki duten homogeneotasunagatik aukeratu dute onenatzat; iaz Abendibarrek irabazi zuen. “Bikandiren behiak ikaragarriak izan dira, horrelako lau behi ikustea oso zaila da. Lan gogorra da, denek emetasun handia erakutsi baitute, eta era bereko tamaina eduki dute”, azaldu dute epaileek.
Lehia bizia izan da, eta Bikandik jaso du sari nagusia. Haren berbetan, ganadutegia aukeratzeko orduan “beti” egoten dira zalantzak, eta aurten ere lehia parekatua izan dela deritzo. “Ganadutegi onenaren saria jasoko genuen edo ez pentsatzerakoan zalantza asko izan ditugu, izan ere zekorra ez dugu oso ondo prestatuta ekarri”, aitatu du, baina aurkeztutako beste lau behiak “ondo prestatuta” eduki dituztela dio: “Lau behi eta txahala ekartzeko aukera egon da aurten, eta behiak ondo zainduta eduki ditugu. Guri eman digute saria, eta oso pozik gaude”.
Halaber, eme txapeldunaren saria ere Bikandik eskuratu du: “Ez gara etorri horrenbeste sari irabazteko asmoagaz. Emeak irabaz zezakeela bai pentsatzen genuen, eta eskuratu du”. Epaileek asko pentsatu duten saria izan da eme onenarena, baina iurretako abeltzainaren beterotasuna saritu dute azkenean: “Forma zein gorpuzkera aldetik konpletuena izan da Bikandirena. Behi zabala, izter handikoa, eta ibilkeran oso dotorea izan da”. Hala ere, beste behiak ere ikuskarriak izan direla deritze epaileek.
Sari nagusiak jasotzeaz gain, beste hiru hirugarren eta hiru bigarren postu eskuratu ditu Bikandiren ganadutegiak. Hori, urtez urte egindako lanaren emaitza dela deritzo: “Ez dago sekreturik. Lan eta lan gabiltza urte osoan zehar, eurak prestatzen. Azken hiruzpalau hilabeteetan mimatu egiten ditugu, eta urte luzez egindako lana saritzea oso pozgarria da”.
Aurrerantzean ere, lanean jarraituko du, eta Bizkaiko abeltzaintza egoera onean dagoela uste du: “Gazteek badute interesa. Etxean ere afizioa dute bi semeek, batez ere txikiak, eta hori oso pozgarria da”.
Ganadutegien artean, bigarrena izan da Mari Carmen Abendibarrena, baina ar onenaren saria lortu du aurten. “Osotasunean aztertuta, Abendibarrean da onena. Nabarmendu behar da arraren atzealdea, izter handiak ditu, ondo jaitsiak. Helburuak egoki bete ditu, eta izterretan egon da desberdintasuna; hortik ateratzen da arraren produktuaren zati handiena”.
Hala, 120 abelburuk bete dute Gernika-Lumoko Santa Ana aparkalekua. Ganadutegiak, guztira 27 izan dira, eta horietan guztietan Bizkaitarrak nagusitu dira. Hain zuzen, Bizkaitik hurbildutako hamalau ganadutegi bildu dira. Sei izan dira gipuzkoarrak, eta zazpi nafarrak. Arabako gandutegirik ez da egon.
Omenaldia lanari. Piriniotar Abelburuen txapelketa hartu du Gernika-Lumok, eta piriniotar abelburuen arraza lantzen urte luzez egindako lana aitortu diete Pedro Katarain eta Hilario Lasari. 1997. urtean, Epife elkartea sortu zenean, presidenteordea izan zen lehenengoa, eta urte luzez piriniotar arraza lantzen egindako ahaleginak eskertu dizkiote Idiazabalgo abeltzainari.
Lasa Asgapir Bizkaiko abeltzainen elkartearen parte izan zen 1983an. “Derion batzartu ginen Bizkaiko abeltzainen elkartea sortzeko asmoz aldundiagaz eta orduko BBKrekin. Elkartea sortzea lortu genuen, eta gogor lan egin dugu”, aitatu du. Hala, Gernikako Lehenengo Asteleheneko azokan ere hainbatetan egondakoa da bakiotarra.
Ustiaketa. Aurten, gainera, piriniotar abelburuen txapelketaz gain, lehen sektoreko Bizkai, Araba eta Gipuzkoako abere ustiategien lehiaketa hartu du Santa Anako aparkalekuak. Baserriak eta ganaduak aztertuz, lurralde bakoitzeko onenak aukeratzen dituzte, eta horien artean, Sabin Arana izan da saritua. Bizkaia mailan, ardi esnerik onenaren eta ganadu-jateko onenaren sariak jaso ditu maumetarrak.
Azokan, giro ona. Beti bezala, baserriko produktu onenak dastatzeko eta erosteko aukera izan dute bertaratutakoek. Label kalitateko piriniotar okela dastatzeko aukera izan dute bi egunetan. 30 saltoki egon dira, eta denetariko produktuak saldu dituzte. Asko izan dira produktuak dastatzera hurbildu diren herritarrak, eta besteren artean, txakolina, sagardoa, ogia, euskal pastela eta gazta dastatu dituzte.