Euskal jatorriaz harro sentitzeko eguna
Hamabigarren Euskal Jaia ospatzen ari dira Gernika-Lumon. Hizkuntza eta kultura aldarrikatzeko egunean, Kultur Etxetik jaurti dute pregoia Piratak Herri Kirol Taldeko ordezkariek, eta gauera arte, jaiaz gozatzeko aukera ederra dute bertaratutakoek.
“Zer gara gu, nor gara gu, euskotarrak gara gu…” kantu zaharragaz hasi dute Euskal Jaia Gernika-Lumon.
12:00etan, Aritz Martin Piratak Herri Kirol taldeko kideetako batek irakurri du aurtengo pregoia Kultur Etxetik, eta jarraian jaurti dute jaiari hasiera eman dion txupina.
Gernikan eta Karrantzan, Lumon eta Maulen, Errenterian eta Tuteran zein Lurgorrin eta Oionen kantatzen duen herriak bizirik jarraitzen duela esan du Martinek. “Izan garenaren esentzia dugu gaur arropetan, eta garenaren indarra gorputzetan eta ahotsetan”, gehitu du ozen. “Kantatzen duen herri bat bizi izan da gizaldi luzeetan. Gaurkoan geu gara horren lekuko, eta geu aldi berean lekukoa eskuan daukagunak. Hartu genuena baino apur bat euskaldunagoa utzi gura dugu gure herria, gure ostetik datozenentzat. Kantaz kanta eta dantzaz dantza garena bizi, gozatu, erakutsi eta irakatsi dezagun”.
Gaurko jaiari Euskal Jaia izena ipini diotela esan du, baina hori baino gehiago izatea gustatuko litzaioke Martini: “Izatea garena izateaz harro sentitzeko eguna, garena aldarrikatzeko eguna. Ezin gaitu gure jatorriak lotsatu, eta nondik gatozen ozen aldarrikatu behar dugu, hori baita zerbait lortzeko modu bakarra”.
Kulturaz, ohituraz, hizkuntzaz, folklorez eta historiaz betetako herri bat dela Euskal Herria nabarmendu du pregoilariak. Ez dela onena, ezta txarrena ere esan du, gurea dela baizik. “Ospatu dezagun gure izatea, adorno eta lotsa barik, txarrari barre egin eta onagaz harrotu”.
Hala, udalerriari ere egin dio erreferentzia. Kantatzean eta dantza egitean Gernika-Lumoko hormei begiratzeko gonbita egin du: “Kantatu eta dantza egin, eta pentsatu kale zaharretako hormek zer gordetzen duten. Herri hau erre egin zuten, eta errautsetatik berriro sortu zen euskaldun askoren lanari esker. Indarrez, kantuz, bertsoz, musikaz eta lanez aurrera egin zuen belaunaldi oso bati esker gaude hemen”.
Txupina jaurti ostean, agurra dantzatu dute Elai Alai dantza taldeko kideek, eta bertoko eta Euskal Herriko hainbat udalerritatik etorritako abesbatzen emanaldia hasi da. Hala, askotariko musikariak batu dira, eta herriko erdigunea kantuz bete dute. Kantaguneek abestu bitartean, gainera, Segundo Olaeta Musika Eskolako musikariek, Gazteak Txistulari taldeko ordezkariek eta Busturialdeko gaiteru eta trikitilari taldekoak ere aritu dira.
Kantuz ez ezik, dantzatu ere egin dute hainbatek. Elai Alaikoekin Axari taldekoak aritu dira, eta askotariko dantzak dantzatu dituzte elkarregaz; zazpi jauzi edota arin-arina esaterako.
Kalez kale euren saioa erakutsi bitartean, hip hop-a eta euskal dantzak uztartu dituzte Kukai eta Brodas Bros dantza taldekoek. Merkurio ingurua jendez bete du Topa ikuskizunak, eta aho zabalik utzi ditu bertara hurbildutakoak. Nork bere jatorri artistikoari uko egin gabe talde bizi eta energetikoa osatzen duten lau dantzariek, eta bi diziplinak oso moldakorrak direla erakutsi dute; izan ere, bi tradizio sozialak hizkuntza bakarrean elkartu dira. Kalea dela euren bizi esparrua argi geratu da.
Pregoia jaurtitzeaz gain, erakustaldia ere eman dute piratek. Arratzun sortutako, eta gaur egun inguruko herrietako kideek osatzen duten taldeak ikuskizuna eman du. Piratak Herri Kirol Taldeko neska-mutilek txokor batzean, trontzan zein aizkoragaz daukaten abilezia erakutsi dute, beste behin.
Bazkaldu aurretik, Elai Alaiko dantzariek Erregelak eskaini dituzte Merkurio iturriaren parean, eta herritarrek adi-adi jarraitu dituzte beraien pausoak. Euskal Jaia antolatzen hasi zirenean, Erregelak berreskuratu gura zuten, eta aurten ere, herrikoa den tradizio eta dantza hori balioan jarri dute, dantza autoktonoari duen garrantzia emanez.
Gero, 15:00ak aldera jendetza batu da Merkatu plazako herri bazkarian. Indabak, bakailaoa eta postrea jan dituzte, ardo eta kafeagaz lagunduta. Bazkalostean ere festak jarraituko du udalerrian. Kittu fanfarreak kaleak musikatuko ditu iluntzean, eta gauean, berriz, Zirkinik Bez taldeak hartuko du horien erreleboa Pasealekuan.