Negua gaiari buruzkoa da aurtengo Ibarruriko Dantzari Eguna
Domekan, 13:00etan hasiko dute eguneko ekitaldi nagusia. Beste urte batez, askotariko dantzez, kantuez eta ekintzez betetako proposamena dakar Baso Txoritxu dantza taldeak.
Urteko hitzordu berezienerako prest daude Baso Txoritxu dantza taldeko kideak. Dantzari Eguna ospatuko dute domekan, eta beste behin, ez ohiko erakustaldia eskainiko dute.
Urtero gai bat aukeratzen dute, eta oraingo honetan, Negua da. Eguerdiko meza, kalejira eta hamaiketakoaren ostean, 13:00etan hasiko dute ikuskizuna.
Nagusiek zein umeek askotariko dantzak egingo dituzte, abesbatzaren kantuek lagunduta. Horrez gain, dantza eta dantza artean, herri kirol erakustaldia ere egingo dute dantzariek eurek.
14:30ak aldera, herri bazkarian elkartuko dira eta arratsaldean ere dantzan jarraituko dute. 18:00etatik aurrera, dantza gidatu saioa egingo dute EinGO taldeko lagunen eskutik.
Arratsaldean, gainera, umeentzat puzgarriak, piñata eta jolasak ere egingo dituzte. Egun handia borobiltzeko, betiko moduan, txokolatea banatuko dute.
EGITARAUA:
- 11:30. Meza nagusia, abesbatzagaz.
- Ondoren. Txistulariak eta trikitilariak.
- 12:30. Hamaiketakoa.
- 13:00. Dantza ekitaldia, abesbatzarekin batera.
- Tartean. Herri kirolak.
- 14:30. Herri bazkaria.
- Ondoren. Puzgarriak, piñata eta jolasak.
- 18:00. Erromeria EinGo taldeagaz (dantza gidatua).
- 19:30. Txokolatea.