Mareak eta Udabier jaialdiek Bermeo jardueraz beteko dituzte
Bi jaialdiek zaletasun eta adin guztietarako ekimenak batuko dituzte. Udabierrek bihar hartuko du Goiko Plaza; Mareak jaialdia zapatuan hasiko da.
Bermeotarrek zer edo zer egin edukiko dute datozen egunetan. Musika ardatz hartuta, baina zaletasun eta adin guztietarako herritarrentzako ekimenekin, Udabier eta Mareak jaialdiek hainbat jarduera ekarriko dituzte kostako udalerrira.
Bi jaialdiak aurkezteko batu dira gaur Patxi Erauzkin Udabierren ordezkaria, Ane Ortube Mareak jaialdiaren arduraduna eta Kepa Zumeta Bermeoko Turismo zinegotzia. Bertan azaldu dutenez, bi egitasmoak “publiko zabal bati” zuzenduta daude, “aurrerapena eta abangoardia” bateratzen baitute.
Udabierreri dagokionez, Alde Zaharra Bizirik Elkarteak antolatu du, Bermeoko Udalaren laguntzagaz. Iaz lehen aldiz ospatu zuten jaialdi hori; garagardoaren jaia dela azaldu du Erauzkinek, baina ez hori bakarrik, janariagaz eta edariagaz musikak ere bere lekua edukiko du Udabierren. Bihartik hasita domekara arte Goiko Plaza hartuko du jaialdiak.
Erauzkinek zehaztu duenez aurten janaria eskaintzen egongo diren bost foodtruck ekarriko dituzte Bermeora. Horrez gain umeei zuzendutako ekintzak eta jolasak egongo dira Goiko Plazan. Musikari dagokionez, Lorelei Green, Soul Crew eta Herbalist Faian eta Marta taldeek kontzertuak eskainiko dituzte kioskotik, jaialdia girotzeko asmoz.
Ekintza guztiak doakoak izango direla adierazi du Alde Zaharra Bizirik Elkarteko ordezkariak. Elkartearen helburu nagusia Bermeoko Alde Zaharra dinamizatu eta hori berpiztea dela azaldu du Erauzkinek, eta Udabierrekin asteburuan Goiko Plaza jendez betetzea espero dute.
Bost urte. Mareak jaialdiak bere bosgarren urtebetetzea beteko du aurten. Beleza Malandra Ateneo Kulturalak udalaren eta MB2000ren laguntzagaz prestatu du etzitik urriaren 12ra arte ospatuko duten jaialdia. Urteurren berezi horretan hainbat arte disziplinatako ekimenak batuko dituztela azaldu du Ortubek.
Ekimen horiek “herriko hainbat eszenatokitan” zehar zabalduko dituzte: Beleza Malandra Ateneo Kulturalean bertan kontzertuak egiteagaz batera Kafe Antzokia, fraileen klaustroa eta Kurtzioko baseliza aukeratu dituzte Mareak egiteko. Kontzertuak, ipuin kontalariak edota film emanaldiak eskainiko dituzte, hamaika ekitaldi kulturaletan banatuta.
Jaialdiaren bi asteburuetan egingo dituzte ekimen nagusiak: Ian Mason, White Ring, La Breiche edota Lisieux Taldeen kontzertuek bariku eta zapatuetako gauak girotuko dituzte Bermeon. Beste egunetan, baina, “saio lasaiagoak” egitea erabaki dute. Domekan esaterako, haurrentzako Bertoko eta urrutiko ipuinak saioa eskainiko dute arrantzaleen museoan, zuzeneko musikagaz batera. Azken urteetan txikienei zuzendutako ekimenen eskariak jaso dituztela azaldu du Ortubek, eta aurten horiek gehitzea erabaki dute.
Helduentzako ipuin saioak, ezti uraren dastaketak, ingurumenari buruzko hitzaldika edota kurtzion gauean egindako musika saio bereziak Mareak jaialdiari kutsu berritzaile bat emango diote. Izan ere, musika bakarrik eskaini beharrean “nondik gatozen” kontuan hartu gura izan dute antolatzaileek.
Zumetak datozen egunetan herritar guztiei Bermeora hurbiltzeko gonbita egin die, bi jaialdiek eskainiko duten egitarau zabalaz gozatzeko.
Egitaraua:
- Bihar, urriak 4:
- 19:00-00:00. Udabier, Goiko Plazan.
- 21:00. Lorelei Greenen kontzertua, Goiko Plazan.
- Etzi, urriak 5:
- 12:00-00:00. Udabier, Goiko Plazan.
- 13:00. Umeentzako ekintzak Goiko Plazan.
- 19:00. Herbalist Faian eta Martaren kontzertuak Goiko Plazan. Ostean, Soul Crew.
- 20:00. Caustic Roll Dave & Mike Maricondaren kontzertua, Beleza Malandra Ateneo Kulturalean. Prezioa: 5 euro.
- 22:00. Jaitiruriru taldearen kontzertua, Kurtzioko baselizan. Prezioa: 5 euro.
- Urriak 6:
- 12:00-18:30. Udabier, Goiko Plazan.
- 12:00. Bertoko eta urrutiko ipuinak saioa, arrantzaleen museoan. 3-11 urteko haurrentzat. Doan.
- 13:00. Umeentzako ekintzak Goiko Plazan.
- Urriak 7:
- 19:00. Ezti uraren dastaketa, Beleza Malandra Ateneo Kulturalean. Doan gonbidapenagaz, aforoa bete arte.
- Urriak 8:
- 20:00. Film emanaldia Nestor Basterretxea aretoan: 20,000 Days on Earth. Doan.
- Urriak 9:
- 19:00. Hitzaldia arrantzaleen museoan: ‘Como detectamos los cambios ambientales y paisajisticos en el pasado? Algunos ejemplos de la prehistoria de Urdaibai’, Juan Carlos Lopez Quintanaren eskutik. Doan.
- Urriak 10:
- 20:00. Beñat Achiary eta Joseba Irazokiren kontzerua, Beleza Malandra Ateneo Kulturalean. Prezioa: 5 euro.
- Urriak 11:
- 23:00. La Breiche taldearen kontzertua, Kurtzioko baselizan. Prezioa: 5 euro.
- Urriak 12:
- 18:30. Helduen ipuin kontalari saioa fraileen klaustroan: ‘De cómo el caballero Roboán le preguntó al Emperador porqué nunca reía’. Prezioa: 3 euro.
- 20:30. Ian Masonen kontzertua, Beleza Malandra Ateneo Kulturalean. Prezioa: 5 euro.
- 22:00. Lisieux eta White Ring taldeen kontzertuak, Kafe Antzokian. Prezioa: 8 euro.