Urriaren 20ra arte parte hartu daiteke Morgako argazki lehiaketan
Bost argazki bidali ahalko ditu parte hartzaile bakoitzak, betiere argazki horiek Morgako bazterren irudiak jasotzen badituzte.
Zazpigarren urtez, argazki lehiaketa antolatu du Morgako Udalak, eta parte hartu gura dutenek gaurtik hasi eta urriaren 20ra arteko epea izango dute beraien lanak aurkezteko.
Udalak jakitera eman duenez, bost argazki bidali ahalko ditu parte hartzaile bakoitzak, betiere argazki horiek Morgako bazterren irudiak jasotzen badituzte.
Halaber, argazki digitalak izan beharko dira, eta lehiaketan parte hartzeko Morgako Udaleko helbide elektronikora bidali beharko dira, Argazki Lehiaketa izenburupean: kultura@morgakoudala.com. Bidalketan bertan, parte hartzailearen izen-abizenak eta kontaktua zehaztu beharko dira; baita argazkien kokapena zein den ere.
Jasotako argazki guztien artean, hamabi aukeratuko ditu udalak, eta ondoren Morgako Udalaren webgunean jarriko dituzte. “Modu horretan, argazki saridunak hautatzeko aukera izango dute herritarrek”, zehaztu dute udal ordezkariek.
Hain justu, bi sari banatuko ditu udalak: lehiaketako irabazleak Txakoli sorta eta herriko taberna batean bi pertsonentzako hamaiketakoa jasoko ditu, eta bigarren egiten duena, berriz, herriko taberna batean bi pertsonentzako hamaiketakoa.
Egutegia osatzeko aukera. Udalak jasotzen dituen argazki denak bere artxiboan sartuko ditu, eta erakusketak zein egutegiak egiteko edota webgunean jartzeko erabiliko ditu; egutegian agertzen diren argazkiak horizontalak izango direla zehaztu dute arduradunek.
Gainera, argazkietan agertzen diren pertsonei buruzko edonolako erantzukizuna argazkilariarena izango dela adierazi dute.