Marzenna Adamczy: "Memoria historikoa erein, errespetatu eta zabaldu egin behar da"
Auschwitzeko kontzentrazio esparruari buruzko erakusketa memoria historikoa lantzeko tresna baliagarria dela deritze agintariek. Ikasleek lehenengoz bisitatu dute erakusketa gaur.
Alemaniako Nazien Heriotzaren Esparrua. Konzentrationslager Auschwitz izeneko erakusketa inauguratu dute gaur Gernika-Lumoko Astrako babeslekuan, eta barikutik ikasturte bukaerara arte egongo da ikusgai; ikasleek lehenengoz bisitatu dute gainera. Hala, erakusketa memoria historikoa lantzeko tresna baliagarria dela deritze Poloniako zein udalerriko agintariek.
Hori horrela, Gernika- Lumoko udala holokaustoaren ikerketa gune bilakatuko da, Europako sarraski zelaietako askatasunaren 75. urteurrenean. Gorroñok esan d “hunkituta eta errespetu osoz” hartuko dutela erakusketa udalerrian: “Kontzentrazio zelaietan hildako milioika pertsonen gorazarrez, imajina ezineko ankerkeria jasan zutenen oroimena landuko dute erakusketara bertaratzen direnek. Milioika ahots isildu zituzten, baina iragan arbuiagarri horren ahotsak bizirik dirau herritarren memorian. Ahots horrek gerrako izuaren aurka egiten du aldarri, eta horrelakorik berriro inoiz ez gertatzeko dio”. Alkateak, gainera, politika xenofoboak, arrazistak eta baztertzaileak berriro ez errepikatzeko lan egin behar dela aitatu du: “Gorrotoa baztertu behar dugu, eta norbanakoaren duintasuna aldarrikatu”.
Astra lantegiko babeslekuan dago kokatuta erakusketa, eta bertan egon dira Marzenna Adamczy Poloniako enbaxadorea, Piotr Cywinski Auschwitz-Birkenau Museoaren zuzendaria eta udalerriko hainbat agintari.
Museoaren zuzendariaren berbetan, beharrezkoa da iragana gogoratzea etorkizunean hobeto jokatu ahal izateko: “Iragana ezagutzen ez duenak ezin izango du oraina ulertu, ez eta etorkizunari buruzko hausnarketa bat egin ere”. Hala, iraganeko ikurrak gogoratu behar direla uste du zuzendariak, etorkizunean zelan jokatu behar den jakin ahal izateko. Ikur horietako bat Auschwitz dela dio: “Nora goazen ez dakigunean, zer egin behar den ez dakigunean, iraganeko ikurrek laguntzen dute hori erabakitzen. Eta horietako bat da Poloniako kontzentrazio esparrua. Zer egin behar ez den erakusten duena”.
Piotr Cywinsky – Museoaren zuzendaria: “Iragana gogoratzeko eta etorkizunaz hausnartzeko balio du erakusketak”
Errefuxiatuak gogoratuz. Hala, gaur egungo politikak eta jokabideak izan zituen aztergai Cywinskik, eta errefuxiatuen egoera gogoratu du. Iraganeko Polonian bizi izango balitz zelan jokatuko zukeen jakin ez arren, gaur egungo politikak ez dituela ulertzen salatu du: “Informazio asko daukagu, eta munduan zehar zer gertatzen den badakigu. Hala ere, duela bi urte Birmaniako genozidioan 50.000 pertsona hil ziren, eta 150.000 zauritu egon ziren. Hainbat dira euren hirietatik ihesean dabiltzanak orain, eta Europako herrialdeek ez dugu ezer egin horren aurka”.
Besteei laguntzeko gero eta ahalegin gutxiago egiten direla esanez, beharrezkotzat jo du erakusketaren zeregina. Izan ere, memoria historikoa lantzea eta ezagutaraztea du helburu babeslekuan kokatutako erakusketak.
Marzenna Adamczy Poloniako enbaxadorea bat etorri da Auschwitzeko zuzendariak esandakoaz. Eta biktimen memoria gorde egin behar dela aitatu du. Izan ere, Polonian 30eko hamarkadan gertatutakoa historiako unerik “negargarrienetakoa” izan zela deritzo. Hala, sarraskiek eragiten dituzten biktimak behar bezala gogoratu behar direla uste du, eta gaur egun ez dela horrelakorik egiten dio: “Hurbileko pertsona baten heriotza tragediatzat hartzen dugu, baina hildakoak milaka direnean, eta urruneko herrietakoak direnean, estatistika bat besterik ez dira”.
Hori onartezina dela deritzo, eta Auschwitzeko kontzentrazio esparrua zutik mantendu izana aprobetxatu behar dela dio: “Bigarren Mundu Gerra bukatu zenean, agintariek kontzentrazio esparruekin zer egin behar zen erabaki zuten. Memoria gordetzea erabaki zuten, etorkizunean hori lantzeko. Hala, gazteei gertatutakoa erakutsi behar zaie. Memoria erein, errespetatu eta zabaldu egin behar da”.
Gernika-Lumon egotea eta erakusketa bertan zabaltzea “hunkigarria” da zuzendariarentzat, eta proiektuarentzat “sinbolikoa” dela dio. Jose Luis Barcelo erakusketako arduradunetako baten berbetan ere, “berezia” da, izan ere, “gizatasunaren birsortzearen” ikurra da Gernika: “Gernikako arbola birsortzearen eredua da, baita Auschwitzeko errautsak ere. Ezin ahaztu daiteke Gernikak eta Auschwitzek esan gura dutena”.
Erakusketa, gainera, ez dela bakarrik ikasleengana zuzendutakoa zehaztu du Auschwitz Birkenau Museoko zuzendariak, nagusiei bideratutakoa ere badela esanez. “Nagusi zein gazteek bisitatu behar dute erakusketa, gertatutakoa gogoratzeko, baina baita etorkizunari buruz hausnartzeko ere”.
Enrique de Villamorrek, adin tarte ezberdinetako pertsonengana iristeaz gain, erakusketaren helburua ahalik eta txoko gehienetara heltzea ere badela gogorarazi du gaur: “Poloniara bidaiatu ezin dutenei hango errealitatea ezagutarazteko modu bat da”. Halaber, ez dela bakarrik Auschwitzi buruzko erakusketa gehitu du, Holokaustoari buruzko informazioa ere ematen duela esanez: “Erakusketa oso tresna baliagarria da, etorkizuna eraikitzen lagunduko duena, eta gazte zein helduen hausnarketa bultzatuko duena. Gertaeren aurrean kritikoagoak izan behar gara”.