Larrialdi klimatikoa arintzeko neurriak hartuko ditu Gernika-Lumoko Udalak
Udalak bere eskumenen baitan aldaketa klimatikoari aurre egiteko politika eraginkorrak garatzeko konpromiso irmoa hartu zuen osoko bilkuran. Hala, klima aldaketa benetako zibilizazio mailako erronka dela adierazi zuten.
Datozen urte eta hamarkadetako agenda baldintzatuko du larrialdi klimatikoak. Egoera larria eta herritarren ongizatearentzako mehatxu nagusienetakoa dela diote adituek. Hori horrela, larrialdi klimatikoa arintzeko neurriak hartuko ditu Gernika-Lumoko udalak: “Benetako zibilizazio mailako erronka da, eta mundu mailako eta Euskal Herriko egoerak eta joerak ez du baikortasunerako tarte handirik uzten”.
Egoeraren larritasuna aitortzearen eta larrialdi klimarikoari behar besteko arreta emateko asmoagaz, Gernika-Lumoko Udalak “larrialdi klimatiko” egoera deklaratu zuen osoko bilkuran. Halaber, Eusko Jaurlaritzak egoera berbera deklaratu izana “aurrera pausotzat” hartu zuten. “Orain, erronka honi aurre egiteko beharrezkoa den karbonogabetze prozesua 2040. urtera aurreratzeko moduko plangintza eta politikak abiarazi beharko ditugu”, adierazi zuten.
Gainera, udalak bere eskumenen baitan aldaketa klimatikoari aurre egiteko politika eraginkorrak garatzeko konpromiso irmoa adierazi zuten. “Aldaketa klimatikoa eragiten duten udal eskumeneko faktore guztiei buruzko diagnosi bat eta 4/2019 jasangarritasun energetikoari buruzko legearen garapena udalerrira egokitzeko lan egingo du agintaldian zehar”, aitortu zuten.
Udalerriko egoeraren diagnosia kontuan hartuta, prozesu parte hartzaile bat abiaraziko dute, “herritarren ekarpenak barne bilduko dituen plangintza bat osatzeko”. Udalerriko herritar, eragile eta auzoekin elkarlanean, plangintza aurrera eramateko beharrezkoak diren bitarteko tekniko zein ekonomikoak bermatzeko konpromisoa ere hartu zuten agintariek, “udalaren gaitasunen araberakoa izanik plangintza osatzeko epea”.
Politiketan eraldaketa sakona. Azken urte luzeetan komunikatu zientifikoek aldaketa klimatikoen bilakaerari buruzko abisuak eta jakinarazpenak igorri dituzte, eta aldaketa klimatikoa berotegi efektuzko gasen isuri masibo baten ondorioz gertatzen ari dela ohartarazi dute. Udalerriko ordezkarien berbetan, dagoeneko atzeman daitezke klima aldaketaren eraginak: “Isuri horien arrazoi nagusia, gure metabolismo sozio ekonomiko mantentzeko erretzen ditugun baliabide fosilen erabilpenean datza”.
Hala, klima eta energia politiketan eraldaketa sakon bat eman behar dela diote: “Gure etorkizunean eraldaketa sakon bat, iraultza bat eman behar da, baldin eta egoerari aurre egin gura badiogu eta aldaketa klimatikoaren efektu bortitzenak pairatu nahi ez baditugu”. 2018ko urrian klima aldaketari buruzko gobernuarteko taldeak plazaraturiko txosten berezi batean tonua altza zuela gogorarazi zuten osoko bilkuran. Indarrean dauden politikek behar besteko admisiorik ez dutela salatu zuten txostenean, eta elektrizitatearen, nekazaritzaren, garraioaren eta industriaren sektoreetan aurrekaririk gabeko aldaketak eskatu zituzten.
Hala, zibilizazio erronka baten aurrean daudela diote udalerriko agintariek, eta egoerak partekaturiko esfortsu bat eskatzen duela argi dute: “Ipar orratza ahalik eta azkarren eta karbono isurietan neutro izango den Euskal Herri baterantz begira jarri beharrean gaude, eta horretarako ezinbestekoa da eraldaketa azkar eta eraginkorrak egitea. Gure jendartean inplikazio anitz eta sakonak ekarriko ditu”.