Nekazarien eta eskulangileen azoka, giro onean
Dantzak, bertsoak, herri kirolak, umeen tailerrak, merkatu solidarioa... askotariko ekintzekin egin dute Muxikako, Ibarruriko eta Gorozikako nekazarien eta eskulangileen azoka, gaur.
Muxikako, Ibarruriko eta Gorozikako nekazarien eta eskulangileen azoka hartu du gaur Zubieta Errotako aparkalekuak. 10:00etatik 15:00ak aldera arte, zer erosi, ikusi eta gozatu eduki dute bertara hurbildu diren herritarrek.
Abere, nekazal eta artisau azoka egiten zuten lehenago ere udalerrian, eta aspaldiko hitzordu hura berreskuratzea erabaki dute aurten. Batik bat eguerdi partean batu da jende gehien, eta balorazio oso ona egin dute udal ordezkariek: “Jendea gustura dago, eta gu ere pozik. Dena ondo irten da”.
Baserriko eta eskulangintzako produktuen erakusketa eta salmenta ezohiko eran girotu dute. Baso Txoritxu dantza taldekoena izan da eguneko lehen saioa. Herriko dantzariek saio dotorea eskaini dute, beste behin. Ondoren, herri kirolen txanda izan da, eta Lilibertsokoak arduratu dira azoka borobiltzeaz. Asier Galarza muxikarrak, Ander Elortegi natxituarrak eta Ibai Amillategi gernikarrak jarri dute umorea euren bertsoekin. Gainera, umeek euren txokoa eduki dute; puzgarrian eta tailerretan dibertitu dira gurasoak azokan zeuden bitartean.
Merkatu solidarioa ere ipini dute. Global Humanitaria gobernuz kanpoko erakundearen bitartez, Muxikako Udalak besoetan hartuta daukan Guatemalako ume batentzat izango da gaur bildutako dirua: “2011-2012 ikasturtean hasi ginen elkartasun erakundeetara dirua bideratzen. Kontu korronte bat daukagu eta urtero bertan dirua sartu eta ekimen solidarioak egiten dituzten elkarte edo erakundeetara bideratzen dugu dirua”.