Ibiza ekarri dute Mendatako San Migel jaietara
Herriko jai nagusien egun handia ospatzen ari dira mendatarrak. Urtero gai bat aukeratu, mozorrotu eta giro berezia sortzen dute. Aurten Ibizako 'Flower Power' jai ospetsua irudikatu dute.
Hippie, dj, drag queen, turista… Ibizako “espezie” guztiek hartu dute Mendata, gaur. Ibizarrak zein turistak jai giroan bat eginda ari dira San Migel jaiak ospatzen. Herriko jai nagusien egun handienean, urtero gai bat aukeratu eta herri guztia mozorrotzen da. Aurten Ibizako Flower Power jai ospetsua irudikatu dute, eta lore zein bestelako apaingarriekin dotore jantzi dute udalerria.
Ibizako udako denboraldia Mendatan bukatu dute, beraz. Musika elektronikoagaz, reggaetoiagaz eta Tukatukada batukadako lagunen musikagaz egin dute Elexaldetik Mendaturirainoko bidea. Erritmo bizi eta dantzagarrien artean, gorputza mugitzeko aitzakia ederra eduki dute. Elexaldeko phottocall-ean argazkiak ateratzen hasi dute goiza, eta eguerdian, ikuskizun bitxia eskaini dute drag queen-ek, Mendaturin.
Baina, ikuskizunak ez du etenik, eta herri bazkariaren ostean, beste emanaldi bat eskainiko dute frontoian, 17:30ak aldera. Iluntzean, berriz, su artifizialek koloreztatuko dute gaur hain koloretsu dagoen udalerriko zerua. Eta egun handia borobiltzeko, Puro Relajo taldearen musikak hartuko du herrigunea.
Bihar, San Migel eguna. Atzo arratsaldean txupina jaurtita hasi zuten sanmigelak. Mus eta tortilla txapelketak lehiatzeko elkartu ziren jaietako lehen hitzorduan, EinGOkoek kantuan eta dantzan ipini zituzten herritarrak.
Bihar, San Migel eguna ospatuz agurtuko dituzte jaiak. Eguerdiko mezaren ondoren, Mendatako Esku Pilota Txapelketaren finala jokatuko dute, eta arratsaldean, berriz, umeentzako puzgarriak eta jolasak eta briska txapelketa egingo dituzte.