Skate parkeko errege gaztea
Surfa egiten izandako ezusteko txiki batek bultzatu zuen Ian Ponciano bermeotarra skatean aritzera. 12 urte ditu, eta Sao Paulon egin duten Munduko Skate Txapelketatik itzuli berri da.
Hiru munduko txapelketa, 12 urte eta talentu handia. Geratu daitezela datuok argi. Ian Ponciano gazte bermeotarrak DBHra egin du salto, baina eguneko eskolak bukatzeagaz batera, ikasle izatetik maisu izatera igarotzen da herriko skate parkean; pistako erregea da.
Patinete gainean malabarista itzela da Ponciano, baina ez zen afizio hutsagatik kirol horretan hasi, ezusteko txiki batek eraginda baizik: “Txikitan surfa egitea gustatzen zitzaidan, eta ondo moldatzen nintzen. Behin, olatu handi batek aurretik eraman ninduen, eta amari zera esan nion: erosi iezadazu skate bat, mesedez, horrela ez naiz itoko”.
Ordutik bermeotarrak ez dio lurzoru gainean entrenatzeari utzi, nahiz eta itsasora ere noizean behin sartzen den: “Batzuetan nekatu egiten naiz horrenbeste patinatzeaz, eta Mundakako Gudari Caribe surf eskolako Dennygaz joaten naiz olatuak hartzera. Terapia bat da niretzat”.
Bermeoko skate parkean ikasi zuen skatean, “akademietara joan gabe”, eta aita izan du beti entrenatzaile. Behinola, herriko skate parkean txapelketa bat zegoela ikusi zuen, eta parte hartzera animatu zen: “Asko gustatu zitzaidan, eta amari esan nion ea posible litzatekeen beste lehiaketa batzuetan ere izena ematea. Eta gaur arte”.
Munduan barrena. Sao Paulon (Brasil) irailaren 10etik 15era bitartean antolatu duten Munduko Skate Txapelketatik iritsi berri da Ponciano Bermeora, eta 2020ko Tokioko Joko Olinpikoetan egon nahi du: “Sao Paulon 100 lehiakidetik 43.a izan naiz, baina oraindik ere Tokion izateko txapelketa gehiagotan aritu behar naiz puntuak eskuratzen. Bertan egotea gustatuko litzaidake, baina arraroa egiten zait, izan ere, 13 urte baino ez nituzke izango”.
Brasilen gustura sentitu da skaterra, iaz Txinan egin zuten historiako lehen Munduko Skate Txapelketan (34.a izan zen) baino emaitza kaxkarragoa lortu badu ere: “Mugimendu berriak probatu ditut, arriskatu egin naiz, ez neukan-eta ezer galtzekorik. Ez zaizkit oso ondo atera, baina berdin zait, pozik nago”. Aurretiaz, Suedian half pipe diziplinan 18 urtez azpikoetan hirugarren sailkatu bazen ere, park modalitatean lehiatu da bai Txinan zein Brasilen.
“2020an egingo dituzten Tokioko Joko Olinpikoetan egotea gustatuko litzaidake”
Maila absolutuan lehiatu du Poncianok, “kirol berria” baita oraindik ere instituzionalki, eta arlo askotan auzi funtzional asko finkatu edo zehaztu barik daude, adibidez, sailkapenak: “Espainiako entrenatzaileak zuzenean eraman nau munduko txapelketara, eta han bakarrik eskuratu ahal izan ditut Tokion postu bat ziurtatzeko beharrezko puntuak. Beste lehiakide asko, aldiz, beste txapelketetan aritu dira, eta parte hartzea txikiagoa izanik, puntuak lortzea errazagoa izan dute. Hala, nik baino puntuazio txikiagoa daukaten skater asko sailkatuta omen daude jada”.
Ziurgabetasuna da nagusi skate munduan. Lehen aldiz izango da kirol olinpiko datorren ekitaldian, baina nahasmendua da nagusi, orain arte “kirol hiritarra” izan baita. Kirolaria eta familia ez daude bakarrik, ordea. Goi mailako euskal kirola babesteko eratutako Basque Team fundazioaren laguntza daukate, arlo teknikoan zein ekonomikoan.
Zailtasunak nonahi. 12 urtegaz, mundua ezagutzeko aukera izan du, baina bakarrik joan behar izan du atzerrira, Espainiako Federazioak ez baitie kirolarien gurasoei seme-alabekin batera joaten uzten. Etxekoen babes falta handia sumatzen du bidaiotan, konfiantzazko norbait ondoan izatearen hutsunea: “Entrenatzailea eta gainerako kirolariak eduki ditut aldamenean, baina ez dira etxekoak, ezagunak bakarrik. Gurasoak nigaz etortzea gustatuko litzaidake”.
Txinara egindako bidaian, gainera, zailtasun komunikatiboak izan zituela nabarmendu du. Izan ere, ohikoak diren zerbitzu asko zentsuratuta dituzte, eta herrialdetik kanpo daudenekin harremanak izatea oso zaila da. “Gogorra izan zen niretzat, baina baita gurasoentzat ere”. Brasilen erosoago sentitu dela dio, nahiz eta denbora gehiegi eman duten taldekoek hoteletan: “Aspergarriak egiten zaizkit bidaiak, nahiz eta jaten nagoenean asko gozatzen dudan”.
Arazo nagusia baina, herrian dauka mutikoak. Mordor-en bizi dela dio txantxetan; “euri asko egiten du Bermeon, inon baino gehiago”. Skate parkea bustitzen denean Galdakaora joan behar izaten du entrenatzera: “Ordubete behar dugu joateko, eta beste horrenbeste bueltatzeko. Gasolina asko gastatzen dugu. Lau orduko entrenamenduak egiten ditut normalean, baina Galdakaora joan-etorria egiten dugunean bidaiak berak bi kentzen dizkit”.
“Erraztasunak izanda, kirol honetan aurrera egingo lukete herriko gazte gehiagok”
Bermeoko skate parkeak ez dauka sabairik, beraz, neguan praktika gutxi egiten du Poncianok, baina baita herriko beste neska-mutil askok ere. Gaztetxoenek arratsaldeak non pasa ez dituztela kexu da, eta irtenbidea metro gutxi batzuetara dagoela ohartarazi du. “Abandonatuta dagoen estalitako igerileku bat daukagu hemen bertan, baina Bermeoko Udalak ez du interesik gunea berriztu eta guri jolaserako behar moduko toki bat eraikitzeko. Dirurik ez duela dio etengabe, eta aitzakia horri jarraituta, ez du ezer ere egiten”.
Bermeon skatearekiko zaletasuna betidanik egon dela dio Brasildik etorri berria denak, baina «hutsik dagoen eraikin hori» erabilgarri bihurtuz gero, bera bezalako gazte gehiago egongo liratekeela uste du: “Kasu partikular bat naiz, beharbada, baina ziur erraztasunak jarriz gero haur gehiagok izango lituzketela kirol honetan aurrera egiteko aukerak”.