Bi gazte atxilotu dituzte, Foruko etxebizitza batean lapurreta egitea egotzita
Atxilotuek 23 eta 25 urte dituzte. Beste bi susmagarri identifikatu eta aurkitzeko lanean ari da Ertzaintza.
Segurtasun Sailak gaur jakitera eman duenez, Ertzaintzak 23 eta 25 urteko bi gazte atxilotu ditu gaur goizaldean. Gazteei Foruko etxebizitza batean indarrean sartu eta lapurreta egitea leporatu die.
Iturri berberak zehaztu duenez, Ertzaintzak atzoko 21:20 aldera izan zuen lapurretaren berri. Etxebizitzara joan ziren agenteek leiho bat indarrez irekita zegoela baieztatu eta etxebizitzako gelak hankaz gora zeudela ikuskatu zuten. Hori baieztatuta, lapurreta ikertzeari ekin zioten agenteek.
Segurtasun Sailaren arabera, 00:00ak aldera antzeko lapurretengatik ikertutako ibilgailu bat aurkitu zuen Ertzaintzak Gernika-Lumoko erdigunea zeharkatzen. Ibilgailuan lau pertsona zihoazen. Hainbat kaletatik igaro ostean, ibilgailua udalerritik irten zen Zornotzarako norabidean.
Ibilgailua jarraitzen ari zen polizia autoak argi seinaleak egin zizkion horri; gidariak, gelditu beharrean, agenteen aginduei jaramonik egin gabe azeleratu egin zuen, “ihesari emanez”. BI-635 errepidean, kilometro eta erdi ondoren, ohartarazita zegoen beste polizia auto bat bidea oztopatzen saiatu zen. Baina, ihesean zebilen autoak gelditu barik jarraitu zuen beste autoa ikusterakoan, kontrako norabidean sartuz eta ia polizia autoaren kontra talka eginez. Jazarpenak autzaganera iritsi arte iraun zuen. Bertan, iheslariek errepide zaharretik gora egin zuten.
Oinez. Bide horretan “bi edo hiru bidaiari” jaitsi ziren ibilgailutik, “menditik barrena ihes egiteko”. Segurtasun Sailaren arabera Ertzaintzak iheslarietako bat sasi artean ezkutatzen saiatu zela harrapatu zuen. Iheslaria ertzain etxera eraman zuten, identifikatzeko asmoz, eta behin identifikatuta, atxilotu egin zuten.
Iheslarien ibilgailua bi kilometro beranduago aurkitu zuten agenteek, gidariaren arrastorik gabe. Eta autoan, laranja koloreko atzazalen limen “barra sendoak” aurkitu zituzten.
Agenteek iheslariak aurkitzeko lanean zebiltzala, 03:30ak aldera BI-635 errepidetik Zornotzara bidean zebilen taxi bat gelditu zuten. Azaldu dutenez, taxiak zeraman bidaiaria Autzaganen batu zuen. Bidaiariak aurpegian, eskuetan eta gorputzean hainbat urradura zituela ikusita, agenteek galdeketa egin zioten. Hala, “behar bezalako azalpenik ematen ez zuenez”, Gernika-Lumoko ertzain etxera eraman zuten, atxilotuta.
Bi atxilotuei Foruko etxebizitzan lapurtzea egotzi diete. Izan ere, “indarrez irekita zegoen leihoak iheslarien ibilgailuan aurkitutako atzazalen limen arrastoak” zituen.
Segurtasun Sailak azpimarratu duenez Ertzaintzak gainerako iheslariak identifikatu eta aurkitzeko lanean dihardu.