Berritasunekin dator Busturialdeko Enpresa Ideia Lehiaketa
Adineko pertsonen beharrak asetzeko jarduera ekonomikoak oinarri dituen Zilarrezko Ekonomiari lotutako saria dago aurten. Azaroaren 15era arte aurkeztu daitezke proposamenak.
Busturialdeko Enpresa Ideia Lehiaketa martxan dago, eta deialdi honetan sari bat gehiago aurreikusi dute.
Seigarren urtez antolatu dute, eta oraingoan, Silver Economy edo Zilarrezko Ekonomiari lotutako ideiarik onena saritzea erabaki dute Bermeoko eta Gernika-Lumoko udaletako gazteria zerbitzuek eta Urremendi Landa Garapen Elkarteak.
Hau da, adineko pertsonei bideratutako ekonomiari lekua egin diote, eta beraz, adineko pertsonen beharrak asetzen dituzten jarduera ekonomikoen artean idearik onena 1.000 eurogaz sarituko dute.
Lehiaketaren sari nagusia 3.000 eurokoa da. Bigarren sailkatuak 2.000 euro jasoko ditu eta lehen sektoreari lotutako ideiarik onenak, aldiz, 1.000 euro (aurreko sarietako baten bat jaso ez badu). Gainera, lehen eta bigarren sarituek Arratzuko Elkartegian urtebeterako langune bat izango dute.
Hala ere, epaimahaiaren aburuz ideiek ez badute gutxieneko maila, sariak eman gabe geratu ahalko dira.
Aurreko urteetan bezala, 18 eta 35 urte bitarteko gazteek parte hartu ahal dute, beti ere, aurkezten duten enpresa ideia Busturialdean kokatzen bada. Gainera, posiblea da enpresa ideia edo 2019an sortutako enpresa bat aurkeztea.
Parte hartu gura dutenek azaroaren 15era arte dute epea euren enpresa ideak aurkezteko.
Izen-emate orriak Bermeoko eta Gernika-Lumoko Udaletako Gazte Informazio Zerbitzuetan edo Urremendi Landa Garapen Elkarteko bulegoan jaso eta entregatu beharko dira.
Sari-banaketa ekitaldia abenduaren 19an egitea aurreikusi dute, baina, momentuz ez dute zehaztu Busturialdeko zein udalerritan egingo duten.
Saridunak erabakitzeko, izaera berritzailea edukitzea (balio erantsia edukitzea edota originala izatea) eta proiektuaren garapen eta deskribapen maila giltzarriak izango dira.
Proiektua arrakastaz garatu eta martxan jartzeko lantalde sustatzailearen gaitasuna, enplegua sortzeko aukera eta horien kalitatea ere kontuan izango dituzte epaimahaikideek.
Horrez gain, proiektuaren jasangarritasunari (ingurumenari zein ekonomiari dagokienez) eta gizarte-eraginari ere garrantzia emango dietela zehaztu dute.
Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzagaz gauzatzen dute lehiaketa, eta eskualdeko gazteen ekintzailetza kultura sustatzea da helburu nagusia. Hain zuzen ere, bertoko gazteak lan mundura sartzea ahalbidetzen duen Lana bilatzea, Lana da programa Bizkaiko Foru Aldundiaren Gaztedi Busturialdea proiektuan kokatuta dago.
Ideia berritzaileak abiatzeko eta enpresa ikuspegia saritzeko sortu zuten, eta antolatzaileek jakinarazi dutenez, “azken bost urteotan 90 enpresa ideiatik gora” aurkeztu dituzte. Ekintzailetza kultura hedatuz, enpresa ideiak saritzeaz gain, “eskualdeko ekonomia sustatu” daitekeela uste dute aipatu erakunde publikoek. Busturialdean lana eta aberastasuna sortzeko tresna dela deritzote, alegia.