Askotariko jarduerekin girotuko dute nekazal eta artisau azoka
Muxika, Ibarruri eta Gorozikako nekazari eta eskulangileen azoka egingo dute Muxikako Zubieta Errotako aparkalekuan, bihar.
Muxikako, Ibarruriko eta Gorozikako nekazariak eta eskulangileak protagonista izango dituen azoka egingo dute bihar, 10:00etatik aurrera, Zubieta Errotako aparkalekuan.
Abere, nekazal eta artisau azoka egiten zuten lehenago ere udalerrian, eta aspaldiko hitzordu hura berreskuratzea erabaki dute aurten. Hala ere, beste modu batera girotuko dute oraingo honetan, eta udal ordezkariek hurreratzera animatu dituzte herritarrak: “Familian zein lagunartean elkartzeko giro itzela egongo da bihar”.
Baserriko eta eskulangintzako produktuen erakusketa eta salmenta baino askoz gehiago izango da. Izan ere, besteak beste, merkatu solidarioa eta umeentzako jolasak eta bi birziklapen tailer egingo dituzte eguerdian.
11:30ean Baso Txoritxu-ko dantzarien emanaldiagaz gozatuko dute bertaratzen direnek, eta 12:00ak aldera, berriz, herri kirol erakustaldia egingo dute. Herri kirolen ostean, Lilibertsokoen eskutik, bertsopotearen txanda izango da. Eskualdeko bertsolariek, beraz, azokari gatza eta piperra jartzeko tartea hartuko dute euren umoreagaz.
Giro ederra eta jan-edanik ez da faltako eta esaterako, oilasko errearen 500 pintxoak dastatu ahalko dira, euro 1en truke.