Papelerako eremua lantzeko sei proposamen aurkeztu dituzte
‘Erein herria’ parte hartze prozesuan 50 herritar inguruk parte hartu dute. Gazte zein nagusien iritziak jaso dituzte, entzute aktiboa bultzatu gura izan du-eta udalak.
Eako erreka ardatz hartuta, presatik herrigunerako eremuaren eta papelera zaharraren inguruko lurren etorkizuna marrazteko parte hartze prozesua zabaldu zuen Eako Udalak. Erein herria lelopean, bi saio egin zituzten asteburuan, eta papelera inguruko lurren etorkizunaz mintzatu ziren horietako batean. Hala, herritarrek lur eremu hori berrizteko sei proposamen aurkeztu zituztela jakinarazi du Iratxe Arriola Eako alkateak.
Lehenengo saioan erreka inguruko paisaia aztertu zuten bertaratutakoek. Bi gunetan banatu zuten ingurua, herrigunetik papelerara artekoa eta papelera ingurukoa. Hala, tailer bidez eta taldeetan banatuta, ikuspegi desberdinak aztertu zituzten. Batzuek inguruaren ikuspegi historikoa landu zuten, eta ikuspuntu arkitektonikoaz hitz egin zuten beste batzuek.
Denetariko ikuspuntuak landu zituztela esan du Arriolak, eta aztertu eta hausnartutakoak aurkeztu zituzten gero: “Bakoitzak bere pertzepzioak esan zituen, eta pozik gaude. Guk herritarren entzute aktiboa bultzatu gura genuen, eta jendearen ikuspuntuak jaso”.
Aukeren ondorioak. Bigarren saioan, berriz, papelerako eremua aztertu zuten. Taldeetan banatuta, papelera zaharreko lurren etorkizuna marraztu zuten parte hartzaileek. Aurrera begira bertan zer egotea gustatuko litzaieken erabaki behar zuten, eta aukera bakoitzak suposatzen zuenaz ohartu ziren. ”Arkitekto lanak egin genituen. Eskalara diseinatutako planoa eman ziguten, eta bertan piezak kokatzen joan ginen. Hala, aukerek zenbat espazio beharko luketen ikusi genuen, bai eta ere aukera bakoitzak zein ondorio izango zituen”. Hainbat izan ziren aztertutako aukerak: aparkalekuak, futbol zelaia, espazio berdea, zuhaitzak…
Hausnarketak eginda, proiektuak aurkeztu zituzten, bakoitzak bat, eta denen artean sei bozkatu zituzten. Modu horretan, sei dira aurrerantzean teknikoek landuko dituztenak. “Proposamen batzuetako hainbat elementu berdinak dira, baina proiektu bakoitzak zein aukera dituen aztertuko dute teknikoek, gero herritarrentzako batzar batean aurkezteko”. Hala, azaroaren bukaeran edota abendu hasieran informazio saio bat egitea aurreikusi dute.
Bi parte hartze egunetan herritarren inplikazioa “nabarmena” izan zela adierazi du Arriolak: “836 biztanle dituen herri batentzako oso ondo egon zen. 40-45 pertsonek parte hartzea asko da. Parte hartze esanguratsua da, beraz, baita parte hartzaileen aniztasunagatik ere; talde heterogeneoa batu ginen”. Gazteentzako saioan, berriz, lau gaztek parte hartu zutela jakinarazi du.
Ideologia zein interes desberdinetako bizilagunen, gazte zein nagusien iritziak jaso zituzten, beraz: “Batzuen eta besteen beharrizanak desberdinak dira, eta horregatik, ondo dago denetariko iritziak jasotzea”.