Iraila festa giroan amaitzeko gogoekin datoz sanmigelak
Busturia, Ereño, Mendata eta Bermeoko San Migel auzoa ospakizunez beteko dira datozen egunetan. Busturialdeko herritarrek era guztietako jardueretan parte hartu ahal izango dute San Migel jaietan.
Udazkenean bete-betean sartu garen arren, San Migel jaiak iraileko azken egunak berotzeko asmoz datoz Busturialdeko hainbat udalerritara. Busturia, Ereño, Mendata eta Bermeo izango dira festek datozen egunetan alaituko dituzten herriak.
Ereñotarrentzat jai luzeak izango dira sanmigelak; bihartik hasita datorren asteko asteburura arte, egiteko asko egongo da Ereñon; ondo pasatzeko aukera ugari. Etzi Sukalki Txapelketagaz hasi eta gaueko kontzertuekin amaituko dute eguna. Domekan da San Migel Eguna, eta bertan Ugaziyo eta perra joko lehiaketetan ariko dira.
Urriaren 5ean, barbakoak eta kontzertuek girotuko dure Ereñoko gaua. Hurrengo egunean amaituko dituzte jaiak, klasiko bategaz, Ereñozarrerako igoeragaz.
Mendatarrek, ohi bezala, Elexaldetik Mendaturirainoko ibilbidea egingo dute etzi goizean. Aurten, Mendata-Ibiza.Mendata Flower Power jaia izena jarri diote kalejirari; hainbat izango dira giro ederrean ibilbidea egingo dutenak. Ostean, herri bazkaria egiteko batuko dira frontoian, eta ikuskizun bategaz gozatzeko aukera ere edukiko dute.
Txapelketa artean. Domekan, herriko Esku Pilota Txapelketaren finala lehiatuko dute. Arratsaldean, ume zein nagusientzako jarduerak egingo dituzte: txikienek puzgarriekin jolastu ahalko dute; helduek, berriz, briska txapelketan lehia gogorra biziko dute.
Busturikoek kantuan hasiko dituzte sanmigelak Altamira auzoan. Etzi iluntzean, tabernaz taberna kantuan aritu ostean, Lisker taldearen erromeriagaz amaituko dute zapatua. Domeka antzeko giroagaz hasiko dute: herriko txistularien kalejira entzun ostean, mezatara joango dira, Irrintzi Alai dantza taldearen ikuskizunagaz amaitzeko.
Herri Azoka Ekologikoak hartuko du Altamira: salmahaiekin batera taloak jateko aukera egongo da, kirikoketa erakustaldia ikusteagaz batera. Eguna era ezin hobean amaitzeko, bertso saioa antolatu dute Kultur Etxean. Bertan egongo dira Ander Elortegi, Asier Galarza, Oihana Bartra eta Ibai Amillategi bertsolariak.
Kirolez blai. Bermeoko San Miguel auzoa ere ospakizunetarako prest dago. Bihar txupina jaurtita, mus txapelketari ekingo diote auzokoek. Etzi Mountain Bike lasterketagaz hasiko dute eguna; parte hartzaileek lehia 10:00etan hasiko duten arren, beharrezkoa izango da ordu erdi lehenago izena ematea.
Arratsaldean, umeen jolasek, urdaiazpiko dastaketak eta erromeriak alaituko dute auzoa, eta eguneko ekimenak Radio Guerrila eta Marta DJren kontzertuekin amaituko dira. Domekan, udalagaz hamaiketakoa egin ostean, abesti herrikoiak kantatzeari ekingo diote, ondoren auzo bazkarian sabela ondo betetzeko.
Egitaraua:
Bermeo:
- Bihar, irailak 27
- 20:00. Txupinazoa.
- 21:00. Mus txapelketa.
- Etzi, irailak 28
- 10:00. Mountain bike lasterketa (izen ematea: ordu erdi lehenago).
- 12:30. Trikipoteoa, bertsolariekin.
- 17:00. Umeentzako jolasak.
- 19:00. Erromeria Bide Batez
taldeagaz. - 20:30. Urdaiazpikoa, txosnan.
- 23:30. Radio Guerrila (bertsio taldea).
Ostean. Marta Dj set.
- Irailak 29, domeka
- 12:00. Meza.
- 12:30. Udalagaz hamaiketakoa.
- 13:00. Kanta Kanta Loruegaz, abesti herrikoiak.
- 15:00. Auzo bazkaria.
- 18:00. Meza.
- Irailak 30, astelehena
- 12:30. Meza.
- 13:00. Ardo gozoa eta gailetak
Busturia:
- Etzi, irailak 28
- 20:00. Kantu Kantari, tabernaz taberna.
- 22:00. Erromeria Lisker taldeagaz.
- Irailak 29, domeka
- 11:00. Kalejira herriko txistulariekin.
- 11:30. Meza nagusia.
- Jarraian. Irrintzi Alai dantza taldea.
- Ondoren. Herri Azoka Ekologikoa, taloak, kupelak eta kirikoketa erakustaldia.
- 17:30. Zaldi probak.
- 20:00. Bertso saioa, Kultur Etxean, Ander Elortegigaz, Asier Galarzagaz, Oihana Bartragaz eta Ibai Amillategigaz. Gai jartzailea: Mikel Retolaza.
Ereño:
- Bihar, irailak 27
- 17:00. Mus eta briska txapelketak.
- 21:30. Makailao jana, Roberto eta Idoia trikitilariek alaituta.
- Etzi, irailak 28
- 14:30. Sukalki Txapelketaren kazolen aurkezpena.
- 16:30. Zuresku umeentzako jolasak.
- 19:00. Ereñoko IV. Atxur-Urkulie Jaurtitzie.
- 21:00. Pintxopotea, Tukatukada taldeak animatuta.
- 22:00. Kontzertuak: Estutu, Ezbaian eta Blaster M.
- Irailak 29, domeka
- 12:00. Meza nagusia, parrokian.
- Ostean. Pintxoak eta EinGO.
- 18:00. Ugaziyo lehiaketa.
- Ondoren. Perra joko lehiaketa.
- Irailak 30, astelehena
- 12:15. Meza, Ereñozarren.
- 14:30. Herri bazkaria, Ereñozar jatetxean.
- Urriak 5, zapatua
- 21:00. Barbakoa, Ereñozar jatetxearen eskutik.
- 22:00. Jac + Batiz taldearen kontzertua, eta ondoren, Joxpa taldeagaz erromeria.
- Urriak 6, domeka
- 12:15. Meza, Ereñozarren.
- 13:00. 35. Ereñozarrera Igoera.
- 13:30. Kabelinatxe dantza taldearen saioa.
Mendata:
- Bihar, irailak 27
- 19:00. Txupinazoa.
- 20:00. Mus txapelketa.
- 20:30. Tortilla txapelketaren sari banaketa.
- 20:30. Makailao jana.
- 22:00. EinGO taldea.
- Etzi, irailak 28
- 11:00. Mendata-Ibiza-Mendata Flower Power jaia, Elexaldetik Mendaturira.
- 15:00. Herri bazkaria, frontoian.
- 17:30. Ikuskizuna, frontoian.
- 20:00. Su artifizialak.
- 21:00. Puro Relajo.
- 22:30. Pintxoak eta DJ Pako.
- Irailak 29, domeka
- 12:00. Meza.
- 13:00. Mendatako Esku Pilota Txapelketaren finala.
- 17:30. Umeentzako puzgarriak eta jolasak.
- 18:00. Briska txapelketa.