"Abestiak lehen baino gehiago barneratu ditugu, kanta bakoitzari bere doinua bilatu diogu"
‘Hotz egin duen arren’ izeneko bigarren diskoa aurkeztu du Belatz talde gernikarrak. Zortzi kantuz osatutako lan plurala da, hainbat estilo desberdin jorratu dituzte-eta. 'Surikatoak' abestiaren bideoklipa ere kaleratu dute gaur.
Belatz talde gernikarrak Hotz egin duen arren izeneko bigarren lana aurkeztu du gaur Bilboko Euskararen Etxean. 2015ean hirukote modura hasi, eta apurka-apurka haziz joan den taldea da. Gaur gaurkoz, bost dira taldekideak eta batera landutako bigarren lana ezagutarazi dute, Denboraren esklabu deitutakoari jarraipena ematen diona. Gaur gainera, Surikatoak singlelaren bideoklipa aurkeztu dute.
Musikagaz ondo pasatzeko asmoagaz sortu zuten taldea duela lau urte, eta euren gustuko musika egiten jarraitzeko asmoa dute aurrerantzean. Hala, zortzi kantuz osatutako lana da gaur ezagutarazi duten Hotz egin duen arren.
Kaleratutako zortzi kantu horiekin barruan gordeta dutena erakutsi dute taldekideek, hainbat estilotan jorratutako diskoa eraikiz. “Ez gara estilo bakarrera mugatzen. Bost taldekide gara, eta doinu eta erritmo desberdinak batuz sortutako nahasketa da disko hau. Estilo asko entzuten ditugu eta horietatik sortzen dira kantuak”, aitortu du Asier Zabala taldeko abeslariak.
Rocka landu dute gehienbat, baina rockarekin uztartutako pop eta elektronika ukituak dituzten kantuak ere entzun daitezkeela diote taldekideek. Zertzeladak dira, diskoari indarra emateko balio dutenak, eta hainbat abestitan nabaritzen dira. Hala, lehenengo lanak baino kolore gehiago dituen diskoa dela aitortu du Ibon Bilbao taldekideak: “Lehenengo diskoa leunagoa zen. Abesti batetik bestera ez ziren doinu aldaketak asko nabaritzen, baina oraingoan bai. Kolore gehiago nabaritzen dira, eta hori, estudioan Urtzigaz egindako lanari esker lortu dugu”.
Kantuak gehiago landu dituztela diote, eta horiekin esperimentatu ere egin dutela: “Abestiak lehen baino gehiago barneratu ditugu, kanta bakoitzari bere doinu propioa bilatzeko ahaleginak egin ditugu. Horregatik atera dira horren abesti desberdinak”.
Estilo aniztasuna duen diskoa den arren, taldekideen ukitu “pertsonala” ere badaukala adierazi du Endika Elizagak: “Genero asko landu ditugu baina abestiei gure esentzia ematen diegu, eta horretan jarraitu gura dugu”. Genero asko landu arren, disko homogeneoa da, “indarra duelako”.
Taldearen bizipenak. Taldea sortu zutenetik gaur egunera arte izandako aldaketak presente eduki dituzte musikariek. Bizipenak islatu gura izan dituzte euren letretan, bai eta izenburuan ere. “Estreinakoz aritu ginen batera Banden Lehiaren finalean, aldaketa asko izan ditugu taldean, eta horren adibidea da izenburua”, aitortu dute. Hala, momentu gogorrei aurre egin eta euren lana publikatzea lortu dutela diote: “Urteetan hainbat gorabehera izan ditugun arren gogotsu jarraitzen dugu, aurrera egiteko gogoz”.
Letrekin barruak hustu dituzte. Norberak barruan zeramana kaleratu dute. Argiagoak edo ilunagoak, lasaiagoak edo gogorragoak, beroagoak edo hotzagoak… denetariko sentimentuak jorratzen dituzte euren abestiek. “Norberak barruan daukana kontatzen dute. Ez gara kanpoko gauzetaz ari, norberari gertatzen zaizkion kontuez baino”, adierazi du Zabalak.
Bizkaierari lekua. Euskara Batuan zein Bizkaieraz ari dira diskoan. Ritxi Aizpuru Baga Biga diskoetxeko koordinatzaileak gauza “polita bezain erakargarria” dela hori dio: “Bi modu horietan hizkuntza uztartzeko erraztasuna izatea, oso aberasgarria da. Balioa eman diote bizkaierari, oso naturala eta polita da”. Taldekideek, gainera, batera zein bestera abesterakoan oso gustura daudela aitortu dute.
Kolaboratzaileak ere izan dituzte, eta euren lana asko erraztu dutela onartu dute. Diskoa Urtzi Izak (Enkore, Empty Files) ekoitzi du, eta horren ondorioz, taldeak “asko eboluzionatu” du. “Gurekin jotzen eta aritu diren musikariek asko lagundu digute, indarra eman diote diskoari”. Besteren artean, Ane Guria edota Santra Tejerok parte hartu dute.
“Kolore eta doinu asko nabaritzen dira diskoan; aurreko
lana leunagoa zen”
Banden Lehian eskuratutako saria. Azkue Fundazioak antolatutako Banden Lehia irabazi zuen iaz talde gernikarrak. Lehiaketak 10 urteko ibilbidea bete du, eta ez dutela aurton berriz antolatuko jakinarazi zuten. Hala, euskaraz sortzen den musika babesteko, bultzatzeko, eta proposamen berrieei aurrera pausoak emateko laguntzeko lehiaketaren azken garaileak izan dira gernikarrak.
“10 urtetan 300 talde baino gehiagok parte hartu dute, eta 40 finalista izan ditugu. Lan horren aztarna utzi gura dugu, eta egindakoa gogoratzeko Banden Lehiaren webgunean bilduma bat sortu dugu 40 finalista horien kantu bana argitaratuz”, adierazi du Azkue Fundazioko ordezkariak.
Urte luzeetan egindako lanagaz euskal sortzaileen artean proposamen ezberdin eta aberasgarriak badaudela adierazi dute fundaziokoek: “Hasierako rock eta metal klasikoetatik abiatuta, bidean beste estilo batzuk ere aurkitu ditugu: elektronika, progresiboa, rap-a… 2019 urte honetan esan dezakegu euskaraz sortzen den musika bizirik dagoela, eta estilo eta ideia ezberdinak batzen dituela”.