Urak dakarrena eta daroana azaleratuz
Moila, hondartza, lapatza... paisaia eder asko ditu Eak, eta are ederrago ageri dira Izaskun Galarza bilbotar artistaren akuareletan. ‘MarEak’ hilabete amaierara arte dago ikusgai, Eskolondon.
Itsasoaren lorratzetan barrena galduta zentzumenak elikatu egiten dira. Bakardadean sortzera ohituta dago artista. Bakarrik sortu
norberetzat zein besteentzat. Izaskun Galarza bilbotarraren berbetan, bere lanetan “gozamena” islatu du. Margotzean hartzen duen gozatua, margotutako lekuek sentiarazten dioten gozamena. Momentu “atseginak eta lasaiak” iradokitzen ditu artistaren begiradak. Hain zuzen, bere ustez mundua gero eta itsusiagoa da, eta bere lanek edertasuna aldarrikatu eta ferekatzen dute: “Gustura eta pozik nagoen mundua transmititzen dute. Uste dut pertsona asko daudela gustura mundu horretan”. Edertasuna ikusten jakin edo ikasi beharra aitatu du: “Gure inguruan daukagun mundua gero eta zakarrago ikustera ohitu gara. Edertasuna ikusten dugunean estimatu egiten dugu, baina ikusten jakin behar da”.
35 akuarelekin osatu du hilabete bukaerara arte ikusgai dagoen MarEak. Izenak iradokitzen duenagaz busti du Eskolondoko erakusketa aretoa. Itsasgorek zein itsasbeherek ekarritako irudiak dira gehienak. Itsasbeheragaz bakarrik agerian geratzen direnak zein itsasgoraren indarrak estali ezin dituenak. Baina erreka barik ez litzateke Ea izango, eta, beraz, hark ere badu lekua. “Uragaz zerikusia daukan edozerk motibatzen nau. Kostaldeko herri askotan, eta batez ere Ean, mareei begira gaude, hondartzaren itxura asko aldatzen baita itsasgoratik itsasbeherara”, azaldu du Galarzak.
Bere lehenengo erakusketa Ean jarri zuen orain dela bi urte, eta orduko hiru lan daude ikusgai orain Eskolondon. Beste lan guztiak azken bi urteotan egindakoak dira. “Asko aurtengoak dira. Erakusketaren data zehaztu genuenetik hona asko margotu ditut. Esate baterako, badaude uda honetan egindakoak”.
Udako koloreak
Bilbotarra bada ere, Ea du babesleku. Atseden hartzeko eta indarberritzeko paradisua da beretzat Busturialdeko herri txikia. Bost urte zituenetik joaten da Eara, eta bertako etxetik ikusi eta entzuten ditu itsasgoren zein itsasbeheren xarmak.
Bere lehen erakusketa hura ere Eari buruzkoa izan zen. Oraingoan, baina, “beste ikuspegi bat” barnebildu du. Argi asko daukaten koadroak dira: “Udako ikuspegia daukate; ez dira neguko akuarelak. Jendeak aretora sartu eta berehala bat egiten du; emozioa zuzenean trasmititzen du erakusketak”.
Agertoki bat hartu eta hango xehetasunen batean arreta jartzea gustatzen zaio. Horren adibide dira putzuak edo olatuak protagonista dituzten akuarelak. “Niretzat berezia den zerbaiti erreparatu, eta hori irudikatzen dut. Argazki bat oinarri eduki arren, agian, barruko elementuak aldatzen, kentzen edo gehitzen ditut edota argi bat edo gerizpe bat nabarmentzen dut gehiago”.
Txoko berezi asko dauzka Eak, enkantuz betetakoak, eta Galarzak bere kuttunenak erakusten dizkio bisitariari. Lapatza da horietako bat: “Asko agertzen da nire lanetan. Sarbidea egoera txarrean dagoenez, jende gutxi hurbiltzen da bertara. Asko gustatzen zait hara joatea. Bakarrik egon ahal zaren lekua da; sinestezina iruditzen zait. Halako leku gutxi geratzen dira gure herrietan”.
Moila eta hondartza ere dotore ageri dira, itsasgoran zein itsasbeheran dituzten kolore bizi bezain anitzak azaleratuz.
Gehien kostatu zaiona moilako bat dela kontatu du: “Mugikorrean ateratako argazki batetik egin nuen, baina zoramena izan zen. Ontzien mugimendua igartzea nahi nuen, eta alaitasuna eman nahi nion argiekin”. Hain zuzen, Eako moila eta bertako ontziak herriko bereizgarri nagusietako bat direla dio: “Hemen ez dugu arrantzontzirik edo yaterik. Gainera, itsasbeheran ontziak hondarrez inguratuta ikustea, inguruan urik barik, berezia da; kanpotik datozenei harrigarria iruditzen zaie. Eak berezko enkantuari eusten dio”.
Akuarelarien elkartea
Umetatik marrazteko eta margotzeko zaletasuna edukita, orain dela ia 30 urte Euskal Akuarelarien Elkartearen berri izan, eta hango kide egitea erabaki zuen. Elkartearen kideen artean topaketak eta talde erakusketak egiten dituzte, eta euren arteko giroa nabarmendu du.
Akuarelez gain, olioak ere egin izan ditu. Horiek lantzeko tailer edo estudio bat edukitzea komeni dela dio: “Etxean egiteko akuarelak errazagoak dira. Olioa gustatzen zait, baina akuarelak daukan freskotasuna berezia da”. Tailer askotan parte hartu du, eta ikasten eta trebatzen jarraitzeko gogoz dago.
Manuel Lunbreras, Ramon Barreiro, Ana Sanchez… maisu handiak izan ditu. “Margolari onak eta irakasle onak izan ziren. Asko ikasi nuen”.
Koloreak lantzerakoan, beste pauso bat eman du azken bi urteotan: “Asko ikasi dut. Apurka- apurka nik ondo funtzionatzen dudan koloreetan trebatu naiz. Margotzen eta ikasten jarraitzea da nire asmoa”. Bere koloreekin irudimenari eraginez, itsasgoren olatu biziek ekarritako inspirazioa hartu, eta itsasbeheran arnastutakoa artelan bihurtu du.