Nagusien egoitzetako dekretuaren aurkako elkarretaratzea egingo du LABek
Egoitzen erabiltzaileengan hainbat ondorio eragingo ditu dekretu berriak. "Zaintza zaindu" egin behar dela aldarrikatuko dute Gernika-Lumoko batzarretxean.
Nagusien egoitzetako dekretu berriarekin prekarietatea eta asistentzia kalitaterik ez lelopean, LAB sindikatuak elkarretaratzera deitu du etzi goizerako Gernika-Lumon.
Batzar Nagusiak egingo direla aprobetxatuta, sindikatuko ordezkari eta kideak Gernika-Lumoko batzarretxean batuko dira dekretu berrian islatzen diren aldaketen aurkako aldarrikapenak egiteko. Sindikatukoek azaldu dutenez, egoitzen dekretuaren onarpenak hainbat ondorio eragingo ditu horiek erabiltzen dituzten pertsonengan.
Adierazi dutenez, dekretuak “ez dakar onurarik” egoitzetako langile kopuruaren ratioan. Horrek langileen eta egoitzetako bizilagunen prekarietate mailan eragin zuzena izango duela diote, hori areagotu egingo baita. Pertsonal kopuru murriztua izateak lan osasunean ere eragingo duela azaldu dute. “Eginbehar asko eta pertsonal gutxi daukagu”.
Zaintza babestu. Horiekin batera, dekretu berriaren onarpenagaz asistentzia kalitateak ere beherakada nabarmena izango duela azpimarratu dute. “Asistentzia zuzena garrantzizkoena” dela aldarrikatzen dute sindikatukoek, eta dekretuan azaldutakoaren aurka agertu dira.
Dekretuak dagoeneko martxan dauden egoitzetako egituran inolako eraginik izango ez duela eta erresidenteen eta langileen bizitza eta lan baldintzak okertzen dituela ere salatu gura dute eguazteneko elkarretaratzean, “zaintza zaindu” egin behar dela aldarrikatuz.
11:30ean jarri dute hitzordua batzarretxe aurrean. Herritarrei parte hartzeko deialdia egin diete LABekoek.