Auschwitzeko kontzentrazio esparruari buruzko erakusketa hartuko du Astrako bunkerrak
Presoen bizipenak zein 2.Mundu Gerran naziek eragindako sarraskiak batzen dituzte informazio oholek. Erakusketa urriaren 3tik ekainera arte ikusi ahalko da.
Auschwitzeko kontzentrazio esparruari buruzko hezkuntza esperientzia bultzatuko duen erakusketa ikusi ahalko da Gernika-Lumoko Astrako bunkerrean urriaren 3tik aurrera. Erakusketa ekainaren amaierara arte egongo da ikusgai, eta norbanako zein ikasleei zuzendutakoa izango da.
Auschwitz Bikernau Museoaren erakusketa da, eta lehenengoz ikusi ahalko da museotik kanpo. Gernika-Lumon egon ondoren, Espainia osoa zeharkatuko du. Euskal Herrian ikusteko aukera bakarra da Astrako babeslekua. Erakusketa didaktikoa izango da, eta profesionalek gidatuko dute. Hala, Astrako babeslekua bisitatu gura dutenek aurretiaz izena eman beharko dute www.auschwitz.online helbide elektronikoan.
Astrako babeslekura bertaratzen direnek 2. Mundu Gerran Auschwitzen preso zeudenen bizimoduak ezagutuko dituzte. Argazkietan oinarritutako proiektua da honakoa, baina antolatzaileek berebiziko garrantzia eman diote kontaketa prozesuari. Izan ere, APTC elkarteko arduradunen berbetan, kontzentrazio esparruetan bizitakoen esperientziek eta gertaerek dute garrantzirik handiena: “Argazkietan egoerak islatu eta ikusi egiten dira askotan, baina gertaeren zergatiak ere ezagutu, landu eta hausnartu egin behar dira. Hori horrela, argazkietan oinarritutako kontaketa prozesua eraiki dute Holokaustoaren gaia euren egunerokoan lantzen duten profesionalek”.
Bunkerrean argazkiak, dokumentuak zein presoek marraztutako margoak ikusi ahalko dira. Horiek kontzentrazio esparruaren sorrera azalduko dute, baita bertan burutzen zituzten jarduerak zeintzuk ziren eta euren bizi kalitatea zein “eskasa” zen ere. Presoek egindako irteera saiakerak ere islatuko ditu erakusketak. Hala, 1930. urtetik abiatuta, eta 1945. urtera arteko epean eremu horretan gertatutakoak lantzen ditu proiektuak. “Naziek Auschwitzen egindako bidegabekeriak azaleratzen ditu, bertan gertatutakoari buruzko egia munduan zehar ezagutaraztea baita asmoa”, aitortu du Enrique de Villamor APTCE elkarteko presidenteak.
Eduardo de Ocampo – Erakusketako komisarioa: “Gertaerak sakonago aztertzea eta ikasleei kritikoagoak izatea bilatzen du”
“Holokaustoak Auschwitzen izandako dimentsioa eta eragina ezagutzeko eta naziek bertan burututako sarraskiak ezagutzeko modurik onena da Auschwitzera joatea. Urtean 2.100.000 pertsonek bisitatzen dute kontzentrazio esparrua, baina orain, gaur egunera arte argitaratu gabe egon diren zenbait argazki eta dokumentu ikusi ahalko dira udalerrian”, adierazi du Iñaki Gorroño Gernika-Lumoko alkateordeak. Hala, balio historiko “ikaragarria” duen proiektua dela aitortu du aurkezpenean.
Hezkuntza esperientzia. Erakusketaz gain, jarduera didaktikoak eta jolasak egingo dituzte, babesleku barruan ikusitakoari buruzko hausnaketa bultzatzeko.
Izan ere, erakusketaren helburu nagusia ikasleei Auschwitz Birkenauen gertatutakoa ezagutaraztea da. Ikastetxeentzako ikasleentzat erakusketa 2. Mundu Gerra lantzeko aukera “desberdin bezain eraginkorra” dela dio Villamorrek, “liburuz gaindiko beste esperientzia bat delako”. Izan ere, Holokaustoaren nondik norakoak eta gerrako gertaera garrantzitsuenak landuko dituztela adierazi du. Halaber, ikasleekin gaur egungo egoerak landuko dituzte, baita arrazakeria eta biolentziei buruz hitz egin ere.
Eduardo de Ocampo erakusketako komisarioaren ustez, 2. Mundu Gerran gertatutakoak gazteei ezagutarazteko aukera ederra da: “Gazte askok ez dakite zer den Auschwitz, ez eta zer suposatu zuen Holokaustoak. Geratera historiko horrek gure bizitzak baldintzatu ditu, eta 80 urte igaro diren arren, hori lantzea ezinbestekoa da”. Liburuetan ikusteaz gain, gertaerak zuzenean ezagutzeko aukera edukiko dutela dio, modu arinagoan.
Iñaki Gorroño – Gernika-Lumoko alkateordea: “Argitaratu gabe egon diren argazkiak eta dokumentuak ikusi ahalko dira”
Halaber, mundu gerran gertatutakoa gertuagotik ezagutzeko aukera emateaz gain, hori lantzeko metodologia berriak eskaintzen ditu erakusketak. “Metodologia horiekin gertaerak sakonago aztertzea bilatzen dugu, ikasleei kritikoagoak izatea ahalbidetzeaz aparte. Iraganeko gertaerak aztertuz, gaur egungo egoerei buruzko analisia egin ahalko dute”, azaldu du Ocampok. Erakusketa oinarri bezala hartu gura dute, gero gainerako datuak ikasteko.
Batutako bi herri. Gernika-Lumo eta Auschwitz adiskidetutako bi herri dira. 2015. urtetik, hainbat izan dira han eta hemen elkarrekin egindako proiektuak, eta oraingoan ere, harreman horiek euren fruituak eman dituzte.
Gorroñok bi herrien arteko harremanak azken urteetan estutu egin direla gogorarazi du: “2018. urte hasieran Auschwitzera joan nintzen Holakaustoren biktimak oroitzeko nazioarteko egunean, eta bi herrien arteko harremanak estutzea zen bidaiaren beste helburuetako bat. Nazioarteko harreman horiek landuta, bakearen eta giza eskubideen aldeko proiektuak egin daitezke”.
Auschwitzeko udal ordezkariak ere proiektu honekin “oso pozik” daudela adierazi du Ocampok: “Proiektu bateratuak egitean ikus daitezke nazioarteko harremanen eraginak. Gernika eta Auschwitz berriro batu dituzte”.
Bi herrien adiskidetze horretatik iaz sortu zen proiektua Astrako babeslekuan egitearen aukera. Madrilen Auschwitzi buruzko erakusketa erraldoia jarri zuten, eta hainbat eta hainbat bisitari izan zituen. Bertan egon ziren APTCE elkarteko kideak, eta orduan otu zitzaien kontzentrazio esparru horri buruzko erakusketa txikiagoak burutzea: “Auschwitzeko fundazioaren helburuak betetzen zituen gure proposamenak, kontzentrazio esparruko geraterak munduan zehar zabaltzea baita euren asmoa. Hala, Madrilgoa baino erakusketa txikiagoa burutzea erabaki genuen jende gehiagorengana iristeko”. Izan ere, 7.000 objektu baino gehiago biltzen zituen Madrilgoak.