Ekaitz Lejarzegik irabazi du II. Lumoko Herri Kronoigoera
Paul Ormaetxea eta Unai Arriola izan dira bigarren eta hirugarren sailkatuak lagunarteko proban. Emakume bakarrak parte hartu du, Irati Apraizek. Aurretik, Bizkaiko txirrindularitza eskolen arteko kronoigoera lehiatu dute gaztetxoek.
Ekaitz Lejarzegik irabazi zuen atzo arratsaldean Gernika-Lumo inguruko zikloturistek lehiatu zuten II. Lumoko Herri Kronoigoera. Proba ez zen ofiziala izan, lagunartekoa baizik, eta 45 bat lagunek parte hartu zuten Aixerrotape Txirrindulari Elkarteak Bizikleta Astearen barruan antolatutako hitzorduan. Aurretik, Bizkaiko Txirrindularitza Eskolen arteko kronoigoera ere egin zuten.
Iaz ezarritako denbora (4 minutu eta 25 segundo) botatzeko asmoz batu ziren Pasealekuan 16 urtetik gorako txirrindulariak 18:00etan, eta euriaren beldur zenik ere baldin bazen, eguraldia lagun izan zuten partaideek. Hala ere, aurretik egin zen gaztetxoen proba luzatu zela eta, ordu erdi beranduago ekin zion lehen lehiakideek lagunartekoari. Minutuko aldeagaz irten ziren gainerakoak.
1,8 kilometro eta % 7’5eko batez besteko malda dauka Pasealekua eta Lumo lotzen dituen igoerak, antolatzaileen esanetan, “igoera laburra baina gogorra”. Kronoigoeraren lehenengo ekitaldian bigarren egin ostean, Lejarzegik (4 minutu eta 20 segundo) bost segundotan bota zuen atzo iazko garaileak ezarri zuen denbora, eta oparitan Aixerrotape TEko maillota eta Ramon Bilbaok emandako ardo botila jaso zuen. Bigarren sailkatua Paul Ormaetxea (4 minutu eta 24 segundo) izan zen, eta BasatiBiken maillota zein Ramon Bilbaoren ardo botila eman zioten. Hirugarren Unai Arriolak (4 minutu eta 38 segundo) egin zuen, eta RK dendako maillota zein ardo botila oparitu zizkioten.
Emakume bakarrak lehiatu zuen, Irati Apraizek, eta antolatzaileek parte hartzea saritu nahi izan zioten, hala, Aixerrotape TEko ekipamendu osoa eman zioten. Txirrindulari beteranoenak ere saria izan zuen, Iñaki Varak. Bi pertsonentzako bazkaria oparitu zioten, Zallo Barri Jatetxean. Horrez gain, Camposek emandako lote bana zozkatu zuten, eta zortedunak 17. sailkatutako Andoni Ordorika, 20. sailkatutako Beñat Bonilla et 40. sailkatutako Iñaki Oar izan ziren.
Gaztetxoak lehian. Bizkaiko Txirrindularitza Federakundeak babestuko txirrindularitza eskolen arteko kronoigoera egin zuten aurretik. 16:30ean ekin zioten banan-banako probari, eta izena emandako eskola guztiak agertu ez baziren ere, 45 neska-mutilek parte hartu zuten. Federakundeak ezarritako eta sinkronizatutako ordutegi ofizialak errespetatzera behartuta, “itxaronaldi luzetxoak” izan zituzten gazte askok. Izan ere, minutuko tartearekin ziren ateratzekoak, baina txirrindulari batzuk agertu ez zirenez, hiru, lau edota bost minutuko tartea izan zuten askok aurreko partaidearekiko, irteeran.
Lehen lehiakidea irtetearekin batera euri-tanta gutxi batzuk bota bazituen ere, lurzorua ez zen asko busti, eta denek egoera berdintsuan lehiatu ahal izan zuten.
Lehenengo urteko gazteak:
Neskak:
June Somocurcio (Berangoko Txirrindulari Elkartea) 8 minutu eta 14 segundo
Maya Montaña (Iru Herri Txirrindulari Elkartea) 8 minutu eta 20 segundo
Irati Gomez (Basauntzak Txirrindulari Elkartea) 8 minutu eta 28 segundo
Mutilek:
Marco Martin (Bilboko Txirrindulari Taldea) 5 minutu eta 17 segundo
Unai Garcia (Lagun Artea Txirrindulari Elkartea) 5 minutu eta 21 segundo
Jurdan Garcia (Markina-Xemeingo Txirrindulari Elkartea) 5 minutu eta 29 segundo
Bigarren urteko gazteak:
Neskak:
Izaro Agirre (Berangoko Txirrindulari Elkartea) 8 minutu eta 33 segundo
Mutilak:
Iker Bonilla (Zornotzako Txirrindulari Taldea) 5 minutu eta 21 segundo
Unai Bonilla (Zornotzako Txirrindulari Taldea) 5 minutu eta 25 segundo
Kerman Rementeria (Busturia Txirrindulari Taldea) 5 minutu eta 47 segundo