"Orain artean egindako nire lan pertsonalena da hau"
Zeru trukaketa proiektua abiarazi du artistak. Orain arte egindako lanetan pertsonalena da berarentzat.
Zerk bultzatu zizun proiektu hau burutzea?
Arrazoi pertsonal batek bultzatu nau Gernika-Lumo eta Berlin batzera, izan ere, nire aita Condor legioko kidea izan zen. 22 urte zituela deitu zioten soldadutzatik, eta hala azaldu zidan txikitan, baina ez nion sinetsi. Urteak joan ahala ulertu dut. Nire lan guztietatik orain arte egindako lanik pertsonal eta politikoena da honakoa.
Herrialde desberdinetako bi zeru batzen dituzun lehen aldia da honakoa?
20 bat urte inguru daramatzat zeruak margotzen. Lehenengo proiektuagaz AEB eta Alemaniako zerua batu nituen, eta beste hainbat ere lotu ditut. Zeru horiek, baina, ez ziren «etsaitutako» herrien artekoak izan, eta bi herri aurrez aurre jartzeko proiektuari ekin nion. AEBekin eta Kubagaz ere egin nuen saiakera, baina ezinezkoa izan zen.
Noiz erabaki zenuen burutzea?
Orain dela bi urte Portugalen egon nintzela Euskal Herrira etorri nintzen, eta orduan otu zitzaidan ideia izan zen.
Memoria historikoa lantzen duzun lehen proiektua da?
Denboraren joanari buruzko ideiak lantzen ditut nire artelanekin normalean, baina memoria historikoa landu dudan bigarren aldia dela esango nuke. Orain dela urte batzuk Don Quijote liburuko zenbait pasartegaz egin nuen margolan bat Malagan. Etorkizunari begiratzen zion lana izan zen, hausnarketa bat proposatzen zuena. Memoriaren legearen eztabaida puri-purian egon zen Espainian, eta eztabaidarantz bultzatu gura nituen herritarrak. Oraingoan ere, gertatutakoa plazaratuko dugu. Hegazkinak bonbardaketa sufritu zuten leku esanguratsuak zeharkatuko baititu, bakearen aldeko mezua helaraziz.