Bi zeru lotzeko hegaldia
Michael Klant artista alemaniarrak Zeru trukaketa proiektua abiarazi zuen Gernika-Lumoko eta Berlingo zeruak elkartzeko; Condor legioko kidea izan zuen aita. Bihar eguerdian, udalerriko zeruan ikusi ahalko da pankarta.
Goitik iritsi ziren bonbak. Hodei artean zebiltzan Condor legioko hegazkinek jaurti zituzten 1937ko apirilaren 26an, eta sumina eragin zuten gernika-lumotarren eta inguruko bizilagunen artean. Orain, baina, beste errelatu bat kontatzera datoz hegazkinak.
Memoria eta sormena uztartuz, iragana gogoratu eta etorkizunari mezua bidali gura dio Michael Kant artista alemaniarrak bihar, 13:00etan, Bakearen Nazioarteko Egunean. Adiskidetzea gura du, sorkuntzaren bidez bakerantz bideraturiko oroimenezko kultura kontzeptua garatu. Horregatik otu zitzaion zeru trukaketa egitea, “etsaitutako” bi herrien arteko adiskidetza irudikatzeko eta memoria historikoa lantzeko.
Hori horrela, udalerriko zerua irudikatzen zuen 100 metro karratuko margolan bat aireratu zuen Berlingo zeruan apirilaren 26an, bonbardaketaren urteurrenean. Eta bihar, Berlingo zerua jarriko du Gernika-Lumo eta inguruetako herrien gainean.
Bertako artistak bidelagun izan ditu proiektuan, bai eta Gernika Gogoratuz eta Alemaniako Gernika Deutsch-Baskischer Kulturverein taldeko kideak ere. Damaris Pan EHUko Arte Ederretako Fakultateko irakasleagaz, Angela Lopez Gernikako Astrako kideagaz eta Maitane Azurmendi Gernikako Lobak elkarteko kideagaz egon da.
Berotasuna sentitu du udalerrian, eta gustura aritu da bertako artistekin lanean. “Nire lan pertsonal eta politikoena da”, aitortu du artista alemaniarrak. Izan ere, Gernika-Lumo bonbardatu zuen Condor legioko kide izan zuen aita, eta denbora luzez sentitu du iragan horren zama: “Behartuta joan zen armadara, 22 urte besterik ez zituela. Derrigortutako soldadutza egin behar izan zuen, eta hasieran hori sinistea ere kostatzen zitzaidan”.
Angela Lopez: “Astran margotzea oso berezia da; bonbardaketagaz lotura zuzena dauka”
Arrazoi pertsonaletan oinarrituta erabaki du, beraz, Gernika-Lumo eta Berlin batzea. Hala eta guztiz ere, zeru trukeen proiektua orain dela urte asko hasi zen lantzen. “Aspaldi hasi nintzen horrelako proiektuak burutzen. Zeruak irudikatzen 20 bat urte daramatzat“, dio alemaniarrak.
1999. urtean egin zuen lehen zeru trukaketa Alemania eta Ameriketako Estatu Batuak batuz. Floridan zegoela otu zitzaion ideia, hegazkin batek publizitate pankarta bat zeramala ikusi zuenean. Hala, sormena martxan jarri, eta zeruak pankartetan irudikatzen hasi zen.
Beste herrialde batzuetako zeruak zeruetan jartzea apur bat “zentzugabea” ere badela dio artistak: “Lanek badute euren puntu absurdoa. Zeru zati bat jartzen dugu zeruan! Gustatzen zait hori. Lanak ez du zertan etengabe politikoa izan behar. Ederra da pankarta, artistikoa. Proiektua ezagutzen ez duten pertsonentzat ere polita da margolana zeruan ikustea”.
Orduko proiektu haietan, baina, ez zuela “etsaitutako” bi herri adiskidetzeko helburua izan adierazi du, eta ideia hori beranduago hasi zela lantzen aitortu du. Bide hori amaitutzat eman zuenean pentsatu zuen Gernika-Lumoren eta aitaren historia bateratzea.
Lanketa sakona. Bihar burutuko den proiektua duela bi urte etorri zitzaion burura. Portugalen zegoela Euskal Herria bisitatu zuen, eta orduan erabaki zuen memoria historikoa lantzen zuen bere lehengo lana aurrera eramatea.
Maitane Azurmendi: “Bihar zeruan ikusiko den pankartak adiskidetzarako mezua zabalduko du”
Deiak egiten hasi zen, eta artistak elkarlanari garrantzi handia ematen dionez, Gernika Gogoratuzeko kideekin zein bertoko artistekin harremanetan jarri zen. Damaris Pan EHUko pintura irakasleari mezu bat bidali zion artistak, proiektuaren nondik norakoak azaltzeko, eta Alemaniara lehenengo pankarta margotzeko gonbita eginez. “Pankartak benetako zeru itxura edukitzea da nire erronka nagusia proiektu honetan. Lan teknikoa izan da nire betebeharra”, aitortu du irakasleak. Errealista izatea da margolanagaz bilatu duten efektua, eta hori margotzen ibili dira Gernika-Lumoko Astran.
Hamar egunetan hamaika ordu sartu dituzte artistek udalerriko kulturarako fabrika sozialean: “Amestu ere egin dugu proiektuagaz”. Toki esanguratsu bezain berezian margotu dute, Astra kokatuta dagoen arma fabrika izan baitzen bonbardaketaren ondoren zutik geratu zen eraikin gutxi batzuetakoa.
Arma fabrika zena kultur espazio bihurtu zuten herritarrek, eta proiektu artistikoa bertan margotzea “oso interesgarria” dela deritzo Lopez Astrako kideak: “Proiektua ezagutu nuenean oso interesgarria iruditu zitzaidan. Berlinen ere egon nintzen, baina Astran margotzea berezia da. Gernikarrentzako leku esanguratsua da, bonbardaketagaz lotura zuzena daukana. Hemen gertatutakoa gogoratzeko modu polita ere bada proiektua”.
Picassoren Gernika margolanaren bariazioak ikusi ahal diren eraikinean lanean egon da baita ere Azurmendi Lobak elkarteko kidea. Bonbardaketaren ilobak dira, eta gertatutakoaren oroimena bizirik mantentzea da elkartearen asmo nagusienetako bat. Klanten proposamenak erabat egiten du bat euren ideiagaz. “Apirilaren 26an zerutik jaurti zituzten bonbak. Udalerria suntsitu zuten, baina orain zeruan ikusiko den hegazkinak beste modu bateko mezua ekarriko du herrira: adiskidetzearen aldekoa”, adierazi du Azurmendik.
Sormenagaz bakerantz. Udalerrira iritsi denetik Andreas Schafter izan du lagun Klantek. Gernika Gogoratuzeko kidea da bera, eta hamarkada bat baino gehiago darama udalerrian. Proiektuak Gernika-Lumoko elkartearen asmoekin bat egiten dela aitatu du.
Artelan bat egitean datza proiektuak, baina hori baino gehiago ere badela dio Schafterrek: “Artea, memoria eta bakea batzen eta lantzen ditu”. Eta bakea zer den galdetzen dio bere buruari, “amaigabeko proiektua” dela hausnartuz.
“Sortzaileak izan behar gara, bakoitzaren izaerarako ezinbestekoa baita. Sortzaileak ez bagara, gure gizatasuna galtzen dugu. Neurri handi batean, sormena eta sorkuntza landuz besterik ez gara bakera iritsiko, eta bakea izango da gizakiaren artelan erraldoia, artelan amaigabea”. Kantek proposatutako ekintzek bide hori egiten asko laguntzen dutela uste du.
Hegazkinak eramango duen pankartak bi herrien arteko adiskitzea islatzen du, baina muga horietatik haratago ere badoa: “Pankarta kulunkan erortzen uzteagaz inbasio artistiko bat egin gura dugu, airetiko balizko suntsiketen kontrapuntu modura”. Klantek gaineratu du mugak zeharkatzen dituen ekintza eta gaur egungo bereizte nazionalisten gorakadaren aurkako ikurra ere izango dela”.