"Boise eta Gernikaren arteko erlazioa mantentzea eta indartzea gustatuko litzaidake"
Brad Little Idahoko Gobernadorea Gernika-Lumon egon zen atzo. Lehenengo udalerriko udala, eta gero Batzarretxea bisitatu zituen. Halaber, Idahon egondako euskal herritarrekin ere bildu zen.
Ameriketako Estatu Batuetan dagoen euskal diasporaren egoitza berezienetakoa da Boise, Idahoko estatuko hiriburua, eta bertatik hurbildu zen atzo udalerrira Brad Little gobernadorea. Bizkaiko hainbat erakunde publiko zein txoko bisitatu ditu egunotan, eta atzo arratsaldean egon zen Gernika-Lumon. Lehenengo udaletxean egin zioten harrera, eta gero Batzarretxea joan zen. Bi lekuetan argi utzi zuen, euskaldunak “lagun” dituela eta oso estimatuak direla Idahon.
Gernika-Lumo eta Boise adiskidetutako bi herri dira, eta bien arteko erlazioa mantendu gura duela adierazi zuen Idahoko gobernadoreak: “Boisen euskal komunitate handia dago, baina baita Idahoko estatu osoan ere. Bertan daude euskaldunen aitzindaiak, eta Boise eta Gernikaren arteko erlazioa mantendu gura dut, baita indartu ere”.
Jose Mari GorroƱo Gernika-Lumoko alkatearentzat ere ohorea izan zen Littleri harrera egitea: “Idahogaz pertsonek batzen gaituzte. Izan ere, hainbat eta hainbat herritarrek eraman zuten gure kultura Ameriketako Estatu Batuetara, eta bertako kulturara egokitu ziren”. Iraganetik datorren lotura hori 1993. urteko urriaren 24an egonkortu zen, Boise eta Gernika-Lumo adiskidetu zirelako. Lotura hori bultzatzeko lanean, Pete Cenarrusa Gardokik egindako lana gogoratu zuen GorroƱok: “Adiskidetasuna bultzatzeko lanean izen propio batzuk daude, eta horietako bat da Cenarrusa. 36 urtez izan zen Idahoko estatuko idazkaria, eta bere ama gernikarra izan zen; harreman estua zeukan gernikarrekin”.
Hori horrela, Idahoko ordezkariak udalerrian egon direla aprobetxatuta, bi herrien arteko elkarlan kulturalaz gain, beste esparru batzuetan harremanak bultzatzea gustatuko litzaioke alkateari: “Boise eta Gernikako gazteen arteko harremanak sustatzea gustatuko litzaidake, gazteek euren bizipen profesionalak elkartukatzea”.Ā
Jose Maria GorroƱo: “hainbat herritarrek eraman zuten gure kultura Ameriketako Estatu Batuetara, eta bertako kulturara egokitu ziren”
Udaletxean egon ondoren, Bakearen Museoa bisitatu zuten Idahoko ordezkariek, eta bisita bukatuta, Batzarretxera joan ziren. Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak eta Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak harrera egin zioten gobernadoreari. Bizkaiko Batzarrak ordeztuz bertan egon zire, baita ere, Zigor Isuskiza eta Emilio Lobato, mahaiko bigarren lehendakariordea eta bigarren idazkaria, hurrenez hurren.
Ezagunak Busturialdean. Idahon eta haren hiriburuan, Boisen, euskal diasporaren ordezkari ugari daude, eta bertan lan egin zuten Busturialdeko herritarrekin batu zen Batzarretxean Little. Horietako batzuk ezagunak zituen, eta hori da Inazio Arrieta eta Maria Isabel Salutregiren kasua. “Nire anaiagaz lan egin zuen lan Littlekek, behiak eta ardiak zaintzen. Eta nire anaiari bisita egin nionean ezagutu nuen”. Berezia izan da berarentzat ere Littlelekin “berriro” topo egitera, duela 20 urte ikusten ez zuelako.
Euskaldunen tartean asko ibilitakoa da Little, Boisen egindako euskal jaialdi askotan egon dela jakinarazi baitute bertan egondakoek: “Euskaldunak estimatzen ditu, euskal jaialdietan egondakoa da”. Datorren urteko udan ospatuko dute berriro tradizioaz betetako jaialdia, XX. mendearen hasieran emigratu zuten euskal artzainek Estatu Batuetako estatu horretan utzitako aztarna eta sustrai sendoak balioan jartzen dituena.
Harremanak estutu. Littlek atzerrira egin duen lehen bidaia da burutzen ari dena. Izan ere, 2019ko urtarriletik dago gobernadore karguan. Bere gobernuko ekonomiaren, merkataritzaren eta nekazaritzaren arloko arduradunek lagundu diote, eta Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiagaz ere batu zen Batzarretxean egon aurretik. Bertan egon ziren aldundiko ekonomia sustatzeko, kulturako eta erakunde harremanetarako arduradunak.
Hala, Idahoko gobernadorearen bidaiak helburu ekonomiko eta kultural nabarmena dauka. Eta Bizkaiko Foru Aldundian egindako bileraren bidez, bi erakundeek indartu egin dute harreman ekonomikoak eta merkataritza estutzeko akordioa. Azken lau urteetan, Bizkaiak eta Idahok enpresa-misioak bidali dituzte Atlantikoaren alde batera eta bestera.