"Luthierren lana ezagutzeak musikari hobeak sor ditzake"
Biolina jotzen hasi zen Mendiola 7 urte zituela. Orain, arkudun harizko instrumentuak sortzea da bere lanbidea. Luthierren lana zein den zabaldu eta balorean jarri gura du musikari gazteak.
Instrumentuak dendetan erosten dituzte hainbat eta hainbat musikarik, baina horien jatorria zein den ez dakite askok. Luthierren lana da instrumentuak sortzea, konpontzea eta musikarien ezaugarrietara egokitzea. Horien ezkutuko beharra ezagutarazteko eta balioan jartzeko zereginean dihardu Josu Mendiolak. Gautegiz Arteagan dauka bere tailer txikia, baina handik eta hemendik ibiltzen da ikastetxeetan zein musika eskoletan bere lana ezagutarazten, ezagutza horrek “musikari hobeak” ekarriko dituela uste duelako.
Zelan eta noiz erabaki zenuen luthierra izan nahi zenuela? Nondik datorkizu zaletasuna?
Txikitatik gustatu izan zait musika; jotzea eta entzutea. Biolina jotzen hasi nintzen 7 urte nituela, eta urteak aurrera joanda, biolin irakasleak luthier eskola bati buruz hitz egin zidan, baina ez nion garrantzi handirik eman. Denboragaz, aitagaz hitz egin eta Bilboko kontserbatorioan zegoen luthier eskolan sartzea erabaki nuen. Soinu teknikari legez ere aritu naiz urte luzez, baina orain luthier lanak egiten ditut. Izan ere, asko gustatzen zait musika lantzea eta musikariekin egotea.
Luthierra izatea ez da gazte askok aukeratzen eta ezagutzen duten lanbidea.
Euskal Herrian ez da oso ezaguna arkudun harizkoen luthierra izatea, beste instrumentu batzuk izan baitira ezagunagoak; trikitixa kasu. Italian, baina, ezagunagoa da euren lana, bertatik datoz-eta harizko instrumentuak; gaur egun ezagutzen dugun biolina bai, behintzat. Hala ere, Euskal Herrian badaude luthierrak. Bilbon orkestra sinfoniko ezaguna dago, eta hirietan sortzen diren orkestrek derrigorrez eduki behar dute instrumentuak konpontzen dituen mekanikoren bat edo beste. Autoa konpontzera eramaten dugun legez, instrumentuek ere beraein ukituak behar dituzte noizbehinka; erosi, saldu edota konpondu egiten ditugu.
Zein da luthierren lana? Instrumentuak sortzeaz besterik ez zarete arduratzen?
Mundu mailan izen handiko luthierrak daude, eta instrumentuak sortzeko bakarrik lan egiten dutenak dira ospe handiena dutenak. Baina luthier baten lana, egunerokotasunean, instrumentuak konpontzea eta tonuan jartzea da; musikariek eskatzen dituzten ezaugarriak lantzea. Baita instrumentuak sortzea ere, baina hori enkarguen arabera egiten dugu.
Instrumentuak sortzeko enkargu asko jasotzen dituzue?
Askotan kanpoan sortzen dena hobetzat hartzen dugu, eta ez ditugu horrenbeste enkargu jasotzen; hori da arazo handiena gure lanbidean. Horregatik, konponketa lanak egiten ditut gehien, baina denbora dudanean instrumentuak ere sortzen ditut.
Zuen lana ezagutaraztea da zure helburuetako bat?
Bai, gaur egun, musika eskoletako ikasle eta jende gazteagaz lan egitea gustatzen zait. Musika irakasleek ikasleei instrumentuak jotzen eta musikarekiko teknikak irakasten dizkiete, eta ahaztu egiten dira instrumentuen atalak zelakoak diren eta zelan egon behar diren azaltzeaz. Zentzu horretan, umeak oso esker onekoak dira, eta gure lana baloratzen dute; gauza txikiak aldatuta musika instrumentuetan zelako hobekuntzak egiten diren ohartzen dira. Momentuz, txikitik handira joan gura dut, eta musika eskoletatik hasi.
“Instrumentuak sortzeaz gain, horiek konpontzeaz ere arduratzen gara”
Ikasleei erakustea beharrezkoa da, beraz.
Mundu honetan prorfesionalki hasi berria naizen heinean, lan hori daukat –bi urte daramatza luthier lanetan–. Jendeari erakusteagaz batera, bide bat zabaldu gura dut. Hau da, luthierren lana balioan jartzea eta ezagutaraztea da nire asmoa. Izan ere, luthierren lana ezagutzeak musikari hobeak sortzea ekarriko luke. Instrumentu bat ganoraz ez badago, gazteek ez dute instrumentu hori gustura joko. Horrek etorkizunean gazteek musika ikasketak uztea eragingo luke. Musika instrumentuak ezagutzeak, berriz, musikagaz gozatzea eta gustura egotea ahalbidetzen du. Horregatik afizioa suspertzea bilatu gura dut.
Zelan lor daiteke hori?
Gautegiz Arteagako eskola txikiko ikasleak nire tailerrera gerturatu ziren iaz, eta eurei gure lanbidearen nondik norakoak azaldu nizkien. Aurten, baina, musika eskoletan lan egitea gustatuko litzaidake, eta harizko instrumentuak jotzen dituzten ikasleei gure lanaren berri ematea. Izan ere, gazte askok bakarrik sortze lanagaz erlazionatzen gaituzte, baina ez konpontzeko eta instrumentuak puntuan jartzeko egiten dugun lanagatik. Askotan, mundu profesionalagaz bakarrik lotzen gaituzte.
Ezagutzen ez den lanbidea da?
Hainbat arlotan bai. Hitza bera ere ez da ezaguna. Musika instrumentuak musika dendetan erosten dira, baina horien jatorrian ez du inork pentsatzen. Instrumentuen %80 fabrikazio industrialetik datoz, makinekin sortuta daude. Ni, berriz, egur bloke batetik hasten naiz dena eraikitzen.
“Biolin bat sortzea hilabete inguruko lana da; 160 ordu, gutxi gorabehera”
Musikariek baloratzen al dute zuek egiten duzuen lana?
Bai, baina askotan garestiak garela uste dute askok. Eta ez da horrela. Beste edozein lanbideetako prezioak ditugu. Gainera, alternatibak eraikitzen ditugu. Salmentaz gain, alokairuen programa ere badaukagu. Instrumentuak erostea askotan ez da oso erosoa familia baten ekonomiarentzat, batez ere ikasleak gazteak direnean. Hala, hilero-hilero instrumentuak alokatzeko aukera ere badago.
Asko nabaritzen dute musikariek zuen lana?
Baietz uste dut. Gainera, luthier bakoitzak bere ukituak ditu. Musikari eta mekanikoen arteko hartu-emana oso garrantzitsua da, eurekin hitz eginda alternatibak sortzen direlako. Musikarien gustuen eta ezaugarrien arabera moldatzen ditugu musika tresnak.
Zenbat denbora behar da instrumentuak sortzeko?
Harizko instrumentuak sortzen eta konpontzen ditut. Biolina sortzea hilabeteko lana da gutxi gorabehera; 160 ordu inguru. Biolontxeloak denbora gehiago behar du.