Zabalik dago XI. Forutik Forura Mendi Martxan izena emateko epea
Irailaren 26a [osteguna] bitartean internet bidez eman dezakete interesatuek izena. Horrez gain, egunean bertan ere aukera izango dute.
Iaz izandako partaidetza historikoaren ostean, irailaren 29an egingo duten XI. Forutik Forura Mendi Martxan parte hartzeko izen ematea zabalik dago astelehenaz [irailak 9] geroztik. Haitz Biribil elkarteak antolatzen du urtero proba, eta forutarrek zein inguruko herrietako bizilagunek ez dute hutsik egiten.
Irailaren 26a [osteguna] bitartean internet bidez eman dezakete interesatuek izena. Horretarako bi webgune ahalbidetu dituzte: www.haitzbiribil.com eta www.kirolprobak.com. Nagusiek zein umeek (14 urte dituztenak barne) 6 euro ordaindu beharko dituzte. Horrez gain, egunean bertan ere aukera egongo da, nagusiek 10 euro eta umeek 6 euro ordainduz.
“Iaz prezioak jaitsi genituen eta erabaki ona izan zela ondorioztatu dugu. 550 bat lagun batu ginen, baina aurten ez dugu horrenbeste jende espero. Ohi bezala, 350 pertsona inguru aurreikusten ditugu”. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, Elkarrekin edozer lortu geinke elkarteari, Endika Salegiren errehabilitazio tratamendurako sortu den elkarteari, bideratuko diote “parte hartzaile bakoitzeko euro bat”.
Mendi martxan parte hartzeko izena ematen dutenek bi ibilbide izango dituzte aukeran. Luzeenak 21,5 kilometro ditu eta 08:30ean ekingo diote ibiltariek. Laburrak, bestalde, 8 kilometro ditu eta bi ordu beranduago hasiko da, 10:30ean. Urdaibai Kopatik irtetea erabaki dute Haitz Biribil elkarteko kideek, horregatik, irailaren 29an “ez da lasterketarik egongo”.