Urriko lehen eta azken azoketan parte hartzeko epea zabaldu du udalak
Abereen azokan parte hartu nahi dutenek irailaren 20ra arteko epea izango dute izena emateko, eta urriaren 4ra artekoa edukiko dute, berriz, urriko azken asteleheneko nekazal azokan postua izan gura dutenek. Eskabide orria udalaren webgunean deskargatu daiteke.
Urriaren 6an eta 7an ospatuko da Urriko Lehen Asteleheneko azoka Gernika-Lumon, eta urriaren 28an, aldiz, azken asteleheneko azoka. Bateko zein besteko azokan parte hartzeko epea zabaldu du Gernika-Lumoko Udalak.
Adierazi duenez, saltokia jarri ahal izango dute Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Saileko Ustiategi Erregistroan altan emanda dauden Euskal Herriko ekoizleek. Hala eta guztiz ere, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako elkarteetako produktore eta eskulangintzako kideek ere jarri ahal izango dituzte saltokiak, “azokako sustatzaileek gonbidatuta badaude”.
Udal ordezkariek jakitera eman dutenez, Urriko Lehen Asteleheneko abereen azokan parte hartu nahi dutenek irailaren 20ra arteko epea izango dute izena emateko, eta urriaren 4ra artekoa edukiko dute, berriz, Urriko Azken Asteleheneko nekazal azokan postua izan gura dutenek.
Bateko zein besteko agiriak udaletxean aurkeztu beharko dira. Posta arruntez ere (Gernika-Lumoko Udala, Foru plaza 3, 48300) bidali ahal izango dira eskabide orriak, edota faxez (94-627 75 42). Posta elektronikoz bidaltzea erabakitzen dutenek haz@gernika-lumo.net helbidera bidali beharko dute. Eskabide orria udalaren webgunetik (www.gernika-lumo.net) deskargatu daiteke.