Kultur aniztasuna sustatzeko ikuskizunak egingo dituzte Arratzun eta Foruan
Ipar Eszena Bidea izeneko elkartruke kulturalerako proiektua aurkeztu dute Donejakue Bidearen iparraldeko ibilbidea zeharkatzen duten erkidegoetako dantza eta antzerki konpainiek. Zortzi ikuskizun egingo dituzte 32 emanalditan eta horietako bana hartuko dute Arratzuk eta Foruak.
Bizkai, Araba eta Gipuzkoako, Kantabriako, Asturiaseko eta Galiziako dantza eta antzerki produktoreen elkarteak bultzatu du ekimena; guztira zortzi dira parte hartuko duten ekoizleak.
Zortzi ikuskizun 32 emanalditan burutuko dituzte, eta horietako bana hartuko dute Arratzuko eta Foruko bizilagunek. Arratzun, irailaren 21ean 20:00etan hasita, Espacio Espiral Kantabriako konpainiak Beatus, visiones del Apocalipsis ikuskizuna eskainiko du San Tomas Apostoluaren elizan. San Juan eta T.S. Eliot autoreen testuetan eta Europako tradizioko ipuinetan oinarritutako lana da hori. Forun, bestalde, urriaren 4an 18:30ean eskeiniko dute ikuskizuna San martin de Tours eliza atzean. Bertan, Galiziako Baobab Teatrok Andrea Bayer-en Luppo ikuskizuna erakutsiko du. Gaztelaniaz izango da eta pasarte batzuk galizieraz egingo dituztela jakinarazi dute. Familiei zuzendutako lana da –4 urtetik gorako haurrei zuzenduta–.
Halaber, bizilagunak gehiago eta hobeto ezagutzeko helburuagaz sortu dela Ipar Eszena Bidea diote antolatzaileek, eta ikusleei beste produkzio eszenikoak ezagutzeko aukera ematen dietela ere nabarmendu dute.
Hori horrela, urriaren 1etik 8ra bitartean ikuslea ikuskizunagaz lotzea ahalbidetzen duten tailerrak eta hitzaldiak egingo dituzen Harrobia Produkzio Eszenikoen berrikuntza zentroan.