Gernika Rugby Taldeak domekan ekingo dio denboraldi berriari
Ohorezko B Mailan lehiatuko du aurten taldeak, eta mailaz igotzeko asmoz egitura ia osoa indarberritu du: zortzi bat jokalari, entrenatzaile eta prestatzaile fisiko berria dauzkate.
Gernika Rugby Taldeak domekan [irailak 15] hasiko du 2019/2020 denboraldia, eta berriz ere Ohorezko Mailara igotzea du helburu nagusia. Hamaika urteren ostean basurdeek Ohorezko B Mailan lehiatuko dute, baina Iker Olaeta taldeko kapitainak argi dauka: “Poztasunak emateko gogoz irtengo gara zelaietara”.
12:00etan izango du talde gernikarrak denboraldiko lehen hitzordua, eta zaletuen berotasuna jasotzeko deia egin dute jokalariek: “Jende asko gu animatzera etortzea nahi dugu, denok batera presioa egiteko”. Urbieta Rugby Zelaian Vigo RC izango dute aurkari. Talde galiziarra aurreko denboraldian mailaz jaitsi bazen ere, “auzi batzuk tarteko” maila berreskuratu dute. “Guk bezala, taldean jokalari berriak dituzte, eta partidu erraza izango ez dela aurreikusten dugu”.
Talde indarberritua. Ohorezko Mailara bueltatzeko asmoz, Gernika RTk egitura ia osorik berritu du. Iazko jokalari atzerritarrek ez dute jarraituko eta zortzi bat fitxaketa egin dituzte: “Aste honetan bertan dira iristekoak, eta beraiekin zein etxeko jokalariekin helburuak betetzen saiatuko gara. Entrenatzailea eta prestatzaile fisikoa ere berriak dira. Aurreko denboraldi gogorra ahaztu nahi dugu, eta oso garrantzitsua da aldaketa guzti hauetara zenbait arinen moldatzea”.
Bihar, 19:30ean, taldeak 2019/2020 denboraldiko aurkezpen ofiziala egingo du Basurde Tabernan.