50. Zaldi Proba Txapelketa lehiatuko dute Nabarnizen
Bihar eta zapatuan [irailak 14] kinttopekoak lehiatuko dira 21:00etan; libre mailakoak, aldiz, domekan [irailak 15] 18:00etan eta astelehenean [irailak 16] 21:00etan.
Urteurren borobila ospatuko dute bihartik aurrera Nabarnizen. Izan ere, 50. Zaldi Proben Txapelketa lehiatuko dute astelehenera bitartean. Iluntzar Jai Batzordeko kideek adierazi dutenez, proba oso garrantzitsua da bai herriarentzat zein kirolarientzat: “Galtzen dagoen lehiaketa bat da, interes gutxi sortzen duena gaur egun, baina Nabarnizera oso gustura hurbiltzen dira ikusleak zein parte hartzaileak. Gero eta zaldi gutxiago aurkezten dira urtero, baina herrian oraindik ere zaletasunak bizirik dirau eta horrek bultzatzen gaitu txapelketa antolatzen jarraitzera”.
Hamaika partaidek eman dute izena eta bi mailatan banatuta gauzatuko dituzte probak: kinttopekoak (urtarriletik abendura lehen aldiz lehiatzen ari diren zaldiak, hasi berriak) eta libreak (aurreko urteetan ere parte hartu dutenak). Bizkaiko eta Euskal Herriko txapelketetarako puntuagarriak izango dira.
Bihar eta zapatuan [irailak 14] kinttopekoak ariko dira 21:00etan lanean; libre mailakoak, aldiz, domekan [irailak 15] 18:00etan eta astelehenean [irailak 16] 21:00etan. Zaldien pisaketa saioak hasi baino ordubete lehenago izango direla jakitera eman dute antolatzaileek, eta bakoitzak txip bat izango du. Nabarnizko probalekuko 1000 kiloko harria erabiliko dute parte hartzaileek.
Denboraldiko finalak urtarrilean izatekoak direla azaldu dute Iluntzar Jai Batzordeko kideek, baina oraindik ere “jokatuko ote diren” ere ziurtatuta ez dutela ohartarazi dute. Izan ere, diru-laguntza falta nabarmena dute, eta hori dela eta, Nabarnizen irabazleei emango dizkieten sariak beraiek banatuko dituzte, eta ez federazioak. Garaileek 800 euro jasoko dituzte.
Irailak 13, barikua (21:00):
- Fermin Santamaria (Guriezo)
- Agarre (Markina-Xemein)
- Garagartza Elkartea (Laukiz)
Irailak 14, zapatua (21:00):
- Ibekondo (Aulesti)
- Aitor Alzaa (Aulesti)
- Fermin Santamaria (Guriezo)-librekoa
Irailak 15, domeka (18:00):
- Juan Uriarte (Aulesti)
- Aitor Alzaa (Aulesti)
- Jabier Peña (Guriezo)
Irailak 16, astelehena (21:00):
- Baraiazarra (Maume)
- Nabarniz Jatetxea (Nabarniz)
- Koba (Aulesti)