Euskal artzaintzaren onena dakarte jaiek Bermeora
Euskal artzain txakurren erakustaldia eta artzain gazta txapelketa egingo dituzte estreinako, Bermeon. Artzain txakur dotoreenak aukeratzeaz gain, animaliak lanean ikusteko aukera egongo da.
Artzainen topaleku bihurtuko da Bermeo Andra Mari eta Santa Eufemia jaietan. Hilaren 15ean, esaterako, 26. Euskal Artzain Txakurren Erakustaldi Monografikoa egingo dute, 09:30ean hasita, Lameran.
Erakustaldia duela bi urte arte hainbat urtez Busturian egin bada ere, aurten, estreinako, Bermeon egingo dutela aurreratu dute Euskal Artzain Txakur Elkarteko kideek.
Artzainek bertako arrazako artzain txakurren aldeko apustua gero eta gehiago egiten dute, eta “arrazaren presentzia bultzatzeko eta zabaltzeko” Gorbeiako eta Iletsu barietateko txakurrik dotoreenen erakusketa ikusteko aukera egongo da. Antolatzaileek azaldu dutenez, hainbat kategoriatan banatuta egingo da txapelketa: kumeak, gazteak, beteranoak, bikoteka, taldeka… “Kategoria bakoitzean Iletsurik eta Gorbeiakorik dotoreenak aukeratuko dituzte”.
Euskal artzain txakurren hasierako erregistroa egiteko aukera ere egongo dela gaineratu dute. “Nahi duenak, eta dagokion azterketa gaindituz gero, txakurra arrazako txakur modura erregistratzeko aukera edukiko du. Txakur gazteen kasuan, gainera, arraza baieztapena egiteko aukera ere egongo da”.
Arratsaldean, 18:00etan hasita, berriz, euskal artzain txakurrek erakustaldia egingo dute ardiekin, Burujabetasun zelaian. Txakurrek duten trebezia erakutsiko dute, bertaratzen direnen gozamenerako. “Artzainek euren artean txapelketa txiki bat egingo dute, ardiekin zein txakur moldatzen den ikusteko”.
Santa Eufemia egunean, berriz, 30. Bizkaiko Artzai Gazta Txapelketa egingo dute 10:00etatik 15:00etara, Lameran, Baserri giroko azokaren barruan. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, Bizkaiko Artzai Gazta txapelketa ere estreinako egingo da Bermeon.
Bakarrik bere artaldearen esne gordinagaz gazta egiten duten gaztagileek parte hartu dezakete txapelketan. “Ezin dute esnerik erosi. Txapelketa honen helburua gaztagintza moduko ogibide tradizionala eta artzainek egiten duten lana balioan jartzea da”. Emaitzak eman ostean, epaimahaiak aukeratutako lehen hamar sailkatuek urriaren 13an Idiazabalen ospatuko duten Euskal Herriko Artza Gazta Txapelketan parte hartzeko txartela lortuko dute.
Gazta txapelketa ikustera doazenek bestelako erakargarririk ere edukiko dute. Gaztagileek gazta zelan prestatzen duten erakutsiko dute, eta, gainera, gazta pintxoak dastatzeko aitzakia ezin hobea edukiko dute ekoizleen eskutik. Era berean, ardi ile mozketa erakusketa ere egingo dute.