Egun urdinak festa giroan
Iraila hasita, Andra Mari eta Santa Eufemia jaietan murgiltzeko unea heldu da bermeotarrentzat. Bihar emango diete hasiera festei, jarduerez betetako egitarau zabalagaz batera.
Bermeoko jaietan bizi izaten den giro bikaina herritarrei eta udalerriko elkarte desberdinei esker izaten dela dio herriko alkate Aritz Abaroak. Bere berbetan, aurtongo Andra Mari eta Santa Eufemia jaiek 100 ekimen baino gehiago hartuko dituzte bere baitan.
Antolatutako egitaraua aurrera eraman ahal izateko urtean egin beharreko “lan handia” azpimarratuta, udalagaz batera aritu diren herritar guztiei eskerrak eman dizkie Abaroak.
Egitarau zabal horretan “adin eta gustu guztietarako ekintzak” egongo direla nabarmendu du. “Honelako programa bat aurrera eramateko ezinbestekoa da herriko elkarte eta boluntarioen laguntza eta inplikazioa“.
Zelan ez, andramariak behar bezala hasteko, Xixiliren presentzia ezinbestekoa da. Bere aurkezpenagaz eta txupina jaurtitzeagaz batera emango diete hasiera jaiei bermeotarrek bihar iluntzean, kaleak marea urdin bihurtuz.
Txupina bota aurretik, baina, Almikatik jaitsieran batuko dira lehenago herrikoak, Bermeoko kaleak kolorez, dantzekin eta musikagaz betetzeko gogotsu.
Andra Mari eta Santa Eufemia jaiek hainbat berritasun dakartzate. Gaur, esate baterako, jaiak hasi aurretik, udalerriko Alkartasuna Dantza Taldeak eta Mungiatik etorritako Korrontzi folk musika taldeak ikuskizun berezia eskainiko dute Artza frontoian.
Bi taldeak oholtza gainean batuko dira dantza eta musika batzen dituen emanaldia eskaintzeko. Ez da batera ariko diren lehenengo aldia; 2017. urtean elkarrekin ibili ostean “ikustea merezi izango duen” ikuskizuna sortzeko gogor aritu dira-eta lanean. Helburua, bat: aurtongo jaietan emanaldi ahaztezina eskaintzea.
Ohiturak eta berritasunak. Berritasunekin jarraituz, irailaren 10ean tradiziozko ekimenak bizi ahal izango dira jaietan. 45. Herri Kirolen lehia biziko dute Artza pilotalekuan. Bertan, herri kirolen modalitate desberdinetako emakume zein gizonezko irabazleak ariko dira zein baino zein gehiago.
Kirolaren txanda igarota, bertso saioak hartuko du kantxa. Bertan batuko dira Onintza Enbeita, Julio Soto, Sustrai Colina, Beñat Gaztelumendi, Iñaki Viñaspre eta Iker Uriarte bertsolariak, gauari amaiera polita emateko.
Irailaren 13an, berriz, Burujabetasun zelaian kirol ekintza berritzailean parte hartzeko aukera egongo da. Crossfit erraldoiak hainbat kirolari batuko ditu, parte hartu nahi dutenei proba desberdinak gainditzeko helburua jarrita.
Berritasunez gain, hutsik egin ezin duten ekintzak ere beste urte batez egongo dira jaietan. Etzi, adibidez, herriko txikienek danborrada eskainiko dute Aiarako musika bandagaz batera.
15ean, berriz, nagusiei danborragaz irteteko txanda helduko zaie. Musika izaten da edozein herritako jaien ezaugarri nagusienetako bat, eta Bermeokoek ez dute hutsik egin nahi alde horretatik.
44. Sukalki Eguna. Irailaren 14an, Tala bermeotarrez betetzen duen Sukalki Eguna ospatuko dute bermeotarrek. Ibilbide luzea duen jarduera da herrikoentzat; sukalkia egingo duten 44. aldia izango da. Goizetik hasita batuko dira bertan, eta giro ederrean jan eta edanean ariko dira bertaratzen direnak.
Eguna ez dute hor amaituko. Bermeotarrak fanfarreak girotuta kalejira egingo dute herritik zehar, eta ostean, 37. Bermeo Uria estropada lehiatuko dute.
Su artifizialak jaietako une berezienetakoak izan ohi dira. Hori hala izanik, bermeotarrek bi gau izango dituzte suen ikuskizunagaz gozatzeko. Ume zein nagusiek irailaren 8ko eta 16ko gauetan ikusiko dute zerua nola argiztatzen den.
Almikako auzotarrak, bestalde, jaietan murgilduta daude dagoeneko. Domekan eman zieten hasiera, eta datorren astelehenera arte zer edo zer egin izango dute bertara doazenek.
Abaroak azaldu duenez, Bermeoko Udalak jaietan segurtasun eta prebentzio arloetan neurri bereziak hartuko ditu. “Protokolo desberdinak” ezarriko dituzte; “eraso sexistek asko kezkatzen gaituzte, eta lan handia egingo da zentzu honetan”.
Herri garbi bat edukitzearen erronka ere nabarmendu du. Hori lortzeko, “denen inplikazioa izateko” deialdia egin du, “herri garbi bat izatea denon erronka” dela aldarrikatuz.