"25 urte pasa direla azkar esaten da, eta horren aitorpena egitea itzela da"
Erroxape Emakumeen Elkarteak eta Izaro Abesbatzak jaiei hasiera emateko ikuskizuna eskainiko dute bihar iluntzean.
25 urte behin bakarrik betetzen dira, eta horren urtemuga berezia beteta, Erroxape Emakumeen Elkarteko eta Izaro Abesbatzeko kideak izango dira bihar jaiei hasiera ematearen arduradunak.
2019. urtea berezia da Erroxaperentzat eta Izaro abesbatzarentzat. Aurten, bi elkarteek 25 urte betetzen dituzue. Gainera, herriko jaietako pregoian parte hartzera gonbidatu zaituzte. Espero al zenuten?
Bernar Santos: Guretzat ezusteko handia izan da. Ez genuen gonbidapenik espero. Gainera, gonbidapena jaso genuenean batzartuta geunden, eta izugarrizko ezustekoa izan zen elkarteko guztientzat.
Biotz Fradua: Ni neu Bermeotarrak Fanfarreako kidea naizenez, iaz ere pregoian egon nintzen. Beraz, aurton abesbatzak 25 urte betetzen dituenez, halako zerbait egitea espero nuen, ez da ezustekoa izan.
Herriaren aurrean egun benetan garrantzitsu batean agertuko zarete. Zer suposatzen du horrek zuentzat?
B.F.: Aurton jaien hasiera zapatuan izanda, inoiz baino jende gehiago egongo da. Edozein elkartek horrenbeste urte lanean ematen dituenean, honelako aukera bat emateak gure lanari aitortza bat egiteko balio du.
B.S.: 25 urte pasa direla azkar esaten da, eta horren aitorpena egitea itzela da guretzat, ohore bat da.
Zein da zabaldu gura duzuen mezua?
B.S.: Mezu laburra prestatu dugu. Emakumeei etxean geratu beharrean kalera irteteko deia zabalduko dugu, eta egindako aitorpena ere eskertu gura dugu.
B.F.: Gure ibilbidea zein izan den azaldu beharrean, azken 25 urteetan bizi izan ditugun sentipenak zeintzuk izan diren adierazi gura ditugu. Esan bezala, ez da izango hitzaldi luzeak botatzen hasteko unea.
Zerbait berezia prestatu duzue pregoia botatzeagaz batera jaiei hasiera emateko?
B.F.: Alkateak balkoitik abesteko eskaera egin zigun. Erroxaperen koruagaz batera abestuko dugu. Jende asko izango gara, eta, beraz, azkenean udaletxe barrutik egingo dugu mikrofonoekin, ondo entzun dadin. Prestatu duguna ezusteko ederra izango dela aurreratu ahal dut.
B.S.: Elkarrekin entsegu bakarra egingo dugu, baina gure korua lanean aritu da biharko. Ikuskizun polita izango da.
Jaietako egun bategaz geratu beharko bazinate, zein aukeratuko zenukete?
B.F.: Arrantzale Eguna, zalantzarik barik. Berezia da, bai bermeotarrentzat eta bai kanpotik datozenentzat. Ez da halako jairik existitzen beste herrietan. Geurea da, eta oso giro ona egoten da.
B.S.: Niri beti gustatu izan zait Sukalki Eguna, bermeotarrak giro ederrean batzen gara bertan, eguraldiak laguntzen baldin badu, behintzat.
Eta aurtongo egitarautik? Zein ekimenekin geratzen zarete?
B.F.: Niri txosnaguneko ekintzak gustatzen zaizkit gehien jaietako ekimenen artean. Eskertzekoa da Bermeon oraindik txosnekin jarraitzea, beti gustatu izan zait bertan bizi den giroa. Tabernetako giroa beti daukazu bertan, baina jaietako berezitasuna txosnak izaten dira.
B.S.: Santa Eufemia egunean egoten den baserritarren azoka asko gustatzen zait, giro itzela egoten da. Danborrada ere izugarria izaten da, bai umeena zein nagusiena.
Beste 25 urtean jarraitzeko asmoa daukazue?
B.F.: Bai, eta 50 urte betetzen ditugunean, berriz pregoia botatzeko gogoagaz, gainera.
B.S.: Jende gutxigaz hasi ginen, eta denboragaz, gero eta ekimen gehiagotan parte hartu eta gero eta ekimen gehiago sortu ditugu. Horrela jarraitu gura dogu.