Uda giroko iluntzeen xarma
Ilunabarrak plazan zikloa egin dute hiru astez jarraian Arratzun.
Eskaintza kulturala bultzatu asmoz, Ilunabarrak plazan zikloa egin dute lehenengoz Arratzun. Herriko zenbait gazte eta gurasoren ekimenez, hiru astez jarraian, iluntzeak ezohiko eran koloreztatu dituzte.
Atzo egin zuten azken saioa; Matilda filma proiektatu zuten. 90 bat herritar batu ziren herriko plazan. Giro oso ona izan zutela azpimarratu dute antolatzaileek.
Herritik herritarrentzat sortutako egitasmoa da Ilunabarrak plazan; adin guztietako herritarrentzat pentsatutako eskaintza prestatu zuten, eta hiru astez jarrain, belaunaldi ezberdinetako arratzuarrez bete dute plaza. Balorazio oso positiboa egin dute, eta jendearen erantzuna ikusita, egitasmoa errepikatzeko aukera aztertuko dutela esan dute.
Herriari bizitasuna ematea lortu dute. Gernika-Lumon sortutako Nebbian folk bikotea gonbidatu zuten lehen astean, eta aurreko astean, berriz, helduen eta gaztetxoen arteko harremanak eta talde lana sustatzeko jolasak egin zituzten.
Kultura eta bertako gastronomia batu dituzte Ilunabarrak plazan topagunean. Izan ere, herriko baserritarren produktuez egindako pintxoak prestatu dituzte ekitaldietan.