Santiagoek giro bikaina ekarri dute Busturialdera
Eskualdeko hainbat herritan santiagoak eta santanak ospatzen hasi dira. Gaur Santiago Eguna izan da, eta denetariko jarduerez gozatzeko aukera eduki dute jaietan murgildu direnek.
Uztailaren azken txanpan sartzear daude Busturialdeko bizilagunak, eta horrek santiagoak eta santanak ospatzeko unea heldu dela esan nahi du.
Herri askotan dagoeneko festetan murgilduta badaude ere, gaur jaietako egun nagusietako bat izan da. Izan ere, Santiago Eguna, ospatu dute Busturiko Axpe auzoan, Kortezubin, Nabarnizko Lekerika auzoan eta Morgan.
Busturian, urtero legez, Irrintzi Alai Dantza Taldearen ikuskizunagaz gozatzeko aukera eduki dute Axpera hurreratu direnek. Eta arratsaldean esku pilota partiduak eta karrozen desfilea egingo dituzte axpetarrek.
Ohiturekin batera, berritasunentzako lekua ere egon da Busturian. Izan ere, txirrindularitzan, Euskal Herriko Junior Txapelketa lehiatu dute 136 parte hartzaile gaztek.
Biharkoan ere, jaiekin jarraituko dute Axpeko bizilagunek. Arratsaldean ume zein nagusiek ondo pasatzeko jarduerak edukiko dute: idi probekin batera, Xaiborren disko festa edota jolasak izango dituzte aukeran. Etzi, berriz, sukalkian elkartuko dira, eta kale antzerkia izango dute gero.
Kortezubitarrak eta morgatarrak ere santiago eta santana jaietan murgilduta dabiltza. Gaur hasi dituzte herriko jai nagusiak bi herrietan, eta eskaintza zabala prestatu dute ondo pasatzeko.
Meza santuan elkartu dira goizean Kortezubin, eta bakailao eta piperrak jan ostean, herriko dantzari txikien erakustaldiaz gozatu dute bertaratutakoek. Gero, gainera, Ekin eskupilota taldeko umeek ikasturtean zehar ikasitakoak praktikan jarri, eta euren arteko partidua jokatu dute frontoian. Arratsaldean umeen antzerkiagaz gozatzeko aukera edukiko dute.
Bihar ere egun handia da kortezubitarrentzat, eta herriko tortillarik gozoena zeinena den erabakiko dute iluntzean. Lehenago, baina, futbito eta saskibaloi txapelketak jokatuko dituzte. Kirolekin jarraituko dute ezti. Izan ere, herri kirolak lehiatuko dituzte. Eta gauean, LauKatu talde gernikarrak girotuko du herriko plaza.
Morwest festa
Atzo, txitxiburduntzian batu eta erromeriagaz dantzatu zuten Morgako bizilagunek, baina gaur, egun handia izan dute. Indio eta cowboy-ek hartu dute Morga, eta hala girotu dituzte herriko kaleak; Far West-eko filmetan agertzen diren hotelak, komunak, ileapaindegiak, zein tabernak ikusi ahal izan dira herriko kaleetan. Baita indioen gunea ere, euren kanpin eta guzti.
Hala, herri bazkarian batu dira plazan. Sukalki txapelketa egin dute, eta 13 izan dira aurkeztu dituzten kazolak.
Bihar ere bazkaria egingo dute, lehiaketarik barik, eta bits jaia izango dute gero. Gaua Dj-ekin luzatuz agurtuko dute, eta hurrengora arte esango diete herriko jai nagusiei.
Nabarnizen ere jai egun handia da gaur. Herri zabala da, auzo askotakoa, eta oraingoan, Lekerikan ospatu dituzte auzoko festak. Santiago baselizan batu dira, eta Iluntzar IV. Mendi Lasterketa ikusi dute gero.
21 pertsonak parte hartu dute aurtengo lasterketan, eta Paul Hormaetxea muruetarra izan da azkarrena. Guztira 30 minutu eta 3 segundo behar izan ditu proba burutzeko, eta bere atzetik helmugaratu dira Ekaitz Lejarzegi ajangiztarra eta Mikel Goitia gernikarra; 30 minutu eta 3 segundo eta 31 minutu eta 45 segundo behar izan dituzte proba bukatzeko, hurrenez hurren.