Oheen Aldeko Osakidetzako Taldeak "Gernikan ez dagoela ospitalerik" salatu du beste behin
Eraikina eta baliabideak edukita, eskualdeko herritarrei "beneteako ospitalea izateko aukera ukatzea" etsigarria dela esan dute Oheen Aldeko Osakidetzako taldearen ordezkariek.
Nekane Murga Osasun Sailburuaren atzoko bisitaren harira, Gernika-Lumon “ez dagoela ospitalerik” salatu dute Oheen Aldeko Osakidetzako taldearen ordezkariek: “Gernikaldeko 56.000 pertsonari arreta eskaintzen zaien eraikinean, lehen mailako zerbitzuak eta osasun-zentro batean eta Larrialdietako zerbitzu batean eskaini ohi diren zerbitzuak baino ez daude, hau da, ez dago ospitalerik. Datorren abenduan zazpigarren urteurrena ospatuko du eraikinak, baina momentuz osasun-arduradunek ez dute Gernikako ospitalea deitutakoan oherik zabaltzeko asmorik. Bada garaia guztiz beharrezkoak diren ohe horiek martxan jartzeko”.
2012ko abenduaren 12tik dago martxan, eta bertan oheak eta edozein ospitalek behar dituen baliabideak egon arren, ez direla ireki eta ondorioz, eskualdeko biztanleak beste ospitale batzuetara joan behar direla gogora ekarri dute.
Eraikina eta baliabideak edukita, eskualdeko herritarrei “beneteako ospitalea izateko aukera ukatzea” etsigarria dela esan dute beste behin Oheen Aldeko Osakidetzako taldearen ordezkariek: “Galdakao-Usansoloko ospitalera urtean egiten ziren 60.000 joan-etorri saihesteko balio izan duela diote, baina ez dute esan Galdakaon egindako zenbat ospitaleratze saihestu zitezkeen bertan oheak egon izan balira, gutxienez gaixotasun kronikoak dituzten pertsonak edota zainketa aringarriak behar dituztenak artatzeko”.