Lander Lartitegi busturiarrak bigarrenez irabazi du Euskal Herriko Junior Txapelketa
136 txirrindularik parte hartu dute eskualdeko hainbat herri zeharkatu dituen lasterketan.
Junior mailako txirrindularien Euskal Herriko Txapelketa lehiatu dute gaur. Busturiko Madariaga Dorretxean dagoen Ekoetxea Urdaibain hasi dute lasterketa, eta bertatik Busturialdeko hainbat herri zeharkatu dituzte parte hartu duten txirrindulari gazteek.
Gernika-Lumo, Ajangiz, Morga edota Errigoititik igaro dira, besteak beste, lasterketako partaideak. Bizkaia, Araba, Gipuzkoa, Nafarroa eta baita Iparraldetik ere hurreratu dira lasterketan aritu diren 136 txirrindulariak.
Guztira 95,7 kilometro egin ostean, Lander Lartitegi busturiarrak irabazi du gaurko lasterketa. Ez da Busturiko Txirrindulari Taldeko kideak txapelketa berean lortu duen lehen garaipena: joan den urtean ere lehen postuan sailkatu zen Ugaon egindako lasterketan. Amets Txurruka txirrindulari ohiak jarri dio maillota Lartitegiri.
Bigarren postuan, berriz, Mikel Retegi iruñarra sailkatu da. Podiumean hirugarren postua lortu duena Igor Arrieta arakildarra izan da. Arrietak, gainera, lehen urteko junior hoberenaren txapela ere eraman du etxera. Garaikurra eta txapelak banatzeko lana Busturiko Maitane Zearreta eta Naiara Ruiz zinegotziek hartu dute.
Hainbat izan dira Busturira hurreratu diren txirrindularitza zaleak. Gazteei animatzen aritu ostean, denak batu dira Ekoetxea Urdaibairen sarreran, bertan ezarri baitute podiuma. Antolatzaileak “oso pozik” azaldu dira lasterketagaz: “jende asko hurreratu da ikustera, eta talde askok parte hartu dute, 136 txirrindulari izan dira txapelketan”.