Ietarockek datozen bi asteburuetarako eskaintza dakar
Kubatar iraultzan girotutako ‘Siempre 26’ jaia ospatuko dute bihar. Datorren astean, berriz, ontziekin argazki kamerak egingo dituzte eta Irungo musikariak ariko dira herrigunea musikatzen.
Azken lau urteotan modura, uztailaren 26agaz batera, Siempre 26 jaia ospatuko dute Ean. Ikus-entzunezko emanaldia eta kontzertuak prestatu dituzte Ietarockeko kideek biharko. “Uztailaren 26ko iraultza ospatzen dugu, eta kubatar ukitua hartzen du herriak. Aurreko urteetan nahiko arrakastatsua izan da”, esan dute antolatzaileek.
Jon Alpert zuzendariaren Cuba an The Cameraman (2017) dokumentala proiektatuko dute Eskolondon, 18:00etatik aurrera, eta iluntzean Codigo Habanaren eta El dia de la rumba taldeen musikagaz girotuko dute Eskolondoko arkupea. Lehenengoak kubatarrak dira baina aspalditik ari dira Euskal Herriko txokoetan jotzen. Bigarrenak bizkaitarrak dira eta latinoamerikar doinuak dituzte oinarri.
Abuztuaren 3rako ere proposamen berezia daukate. Argazkigintza eta musika batuko dituzte egun horretan.
Ontziekin argazki kamerak egiteko lantegia Eskolondon egingo dute. 8 urtetik gorako umeek zein helduek parte hartu ahalko dute eta honako ordutegia izango du tailerrak: 10:30-13:30 eta 15:30-18:30. Parte hartzeko 10 euro ordaindu behar dira, eta metalezko ontzi tapaduna eroateko eskatu dute.
Rukula eta Inore ero ni taldeak eta Le Petit K eta Zumitrenko dj-ak musikatuko diete gaua. Irungo musikariak dira gehienak. “Inoren ero ni-koak 80ko hamarkadaren talde mitikoa den BAP-ean jotzen zuten. Musika eta poesia uztartzen dute. Rukula Martxel Arkarazoren proiektua da. Kortaturen diska gehienak grabatu zituen eta Negu Gorriakeko kide izan zen Kaki Arkarazoren semea da. DJ-ak Irungo Mosku auzoko klasiko batzuk dira, musika iluna da eurena. Elektronika eta teknoa baina normalean post-punka eta antzeko musika organikoa eta nahiko iluna da euren ezaugarri nagusia”.
EGITARAUA:
BIHAR
- 18:00. Cuba and the cameraman dokumentala, Eskolondon.
- 20:00. Codigo Habana eta El dia de la rumba musika taldeen kontzertuak, Eskolondoko arkupean.
ABUZTUAK 3, ZAPATUA
- 10:30-13:30/15:30-18:30. Argazkigintza tailerra, Eskolondon.
- 20:00. Rukula, Inoren ero ni eta Le petit K + Zumitrenko dj-ak Eskolondoko arkupean.