Rikardo Abaunza artistaren lana omentzen du aurten Gernikartek
Gernika-Lumoko edo inguruko herrietako 33 sortzaileren lanak batzen ditu erakusketak. Hiru hamarkadatan Kultur Etxeko zuzendari modura egindako lana eskertu gura izan diote Abaunzari.
Gernika-Lumoko zein inguruetako artista ezagun zein ezezagunen eta nagusi zein gazteen lanak batzen dituen Gernikarte erakusketa Rikardo Abaunza artista gernikarra eta udalerriko Kultur Etxeko zuzendari ohia ari da omentzen.
Herrian lanean jarraitzen duten, bertan jaiotakoak diren, edota kanpotik udalerri inguruetara etorritakoak diren artista aktiboen denetariko lanak batzen ditu urtero-urtero Gernikarte erakusketak.
Abaunzak bultzatuta, duela hogeita hamar urte inguru hasi ziren aipatu erakusketa antolatzen, eta Kristina Arana gaur egungo Kultur Etxeko zuzendariaren berbetan, artistari esker jarraitzen du bizirik erakusketak: “Urte hauetan guztietan ekimen hau mantendu ahal izan bada, batik bat Ricardo Abaunzaren adoreari eta lanari esker izan da. Bidean izandako hainbat eta hainbat oztopo gainditu, eta Kultur Etxearen zuzendaritzatik beti ahalegindu da herriko artisten lanak kaleratzen eta ezagutarazten”.
Rikardo Abaunza: “Jende aktiboaren lanak batzen ditugu; artista gazteen erakusleihoa da erakusketa”
Hori horrela, egindako lana eskertu gura izan diote oraingoan Kultur Etxeko langile zein bera ezagutzen duten artista batzuek, “Gernika-Lumoko kulturaren etxean egindako lanagatik eta arteari eskainitako arretarengatik”.
Izan ere, Kultur Etxeak bizitasuna badu, besteren artean berak egindako lanari esker lortu da, herriko kulturaren zaindari bezala aritu baita behin eta berriro. 43 urtetan herriko eta Busturialdeko hainbat arlotako artistak ezagutu ditu, diziplina ezberdinetakoak. Horietako askoren lanak dira, Gernikarte erakusketan ikusgai daudenak.
Erakusketa kolektiboa. 33 sortzaileren lanak batu dituzte aurten, era guztietako arte lanak: argazkigintzagaz zerikusia dutenak, margolanak, eskulturak, zeramikaz egindako obrak, diseinu grafikoak, edota ehungintzazkoak. Eta horiek guztiek denetariko paisaia zein uneak islatzen dituzte: Urdaibai zein familikoen marrazki eta margolan handi zein txikiak, kartelak, edota argazkiak. Besteren artean, Abaunza beraren koadroak daude ikusgai.
Erakusketa kolektiboan hainbat izan dira parte hartu dutenak, eta artista askorentzat aurtengo erakusketa “berezia” izan dela onartu du Aranak: “Ricardoren omenezko erakusketa zenez, hainbat artistek gura izan dute parte hartu. Denek gogotsu aurkeztu dituzte beraien lanak, eta denetariko obrak batzea lortu dugu aurten ere”.
Udalerriko jaiekin lotura zuzena daukan erakusketa da, zabalik dago eta abuztuan. Beti izan da horrela. “Orain dela urte asko udaletxeko erakusketa aretoan egiten zen erakusketa bat da Gernikarteren aitzindaria, eta zortzi hamar artistaren lanak batzen ziren bertan. Duela 30 urte inguru, baina, Gernikarte eratu genuen eta ordutik Kultur Etxean egiten da bilduma”, aitortu du Abaunzak.
Kristina Arana: “Erakusketa hau urte luzez mantendu bada, Abauzaren lanari eta adoreari esker izan da”
Halaber, urtez urte handitzen joan den erakusketa dela dio artistak: “Zortzi artistaren lanekin hasi ginen, eta orain hogei artista ingururen lanak batzen ditugu urtero-urtero”.
Gazteentzako aukera “ona”. Jende eta artista aktiboen lanak batzen ditu Gernikartek, eta artista gazteentzako aterpea izan da beti. “Artista gazteekin hartu emanak edukitzen saiatu gara, izan ere, jende aktiboaren lanak batu gura izan ditugu. Orain ere lan horretan jarraitzen dugu”, aitortu du Abaunzak. Hala, kalean diharduten artistentzako lehen pausoa izan dela Kultur Etxea aitatu du: “Aukerarik izan ez duten artisten erakusleihoa izan gura dugu, sortzaile berrien bila gabiltza beti, eta asko izan dira bigarren solairuko erakusketa aretotik igarotakoak”.
Aniztasuna bultzatu asmoz, herriz herriko erakusketak hainbatetan bisitatu ditu artista gernikarrak, eta Gernikartek gero eta artista gehiago biltzen jarraituko duela espero du, “azken urteetan ere, gero eta obrak gehiago biltzea lortu dugulako”.